AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/21 13:27

Faxismoari eta joera erreakzionarioari kalean aurre egitera deitzeko, manifestazio bat prestatu du Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), abenduaren 14rako. Azken urteetan "kapitalismoaren aurpegirik gordinena bistan geratu" dela ohartarazi dute antolatzaileek: enpresarien "irabaziak hazten diren bitartean, langileon bizi-baldintzek okerrera egiten dute", eta "prozesu horri "jarrera erreakzionarioen gorakada gehitu behar zaio".

Izan ere, krisi garaian, "biolentziak forma bortitzagoa hartzen" duela eta "subjektibitate zaurgarrienen kontra" jotzen duela salatu dute, horren isla modura aipatuta "arrazakeria, matxismoa, pobreen kriminalizazioa, askatasunen murrizketa, autoritarismoa eta kontrol soziala".

Txantreako GKSren hitzetan, ezkerreko zein eskuineko alderdiek erakutsi dituzte "borondate falta eta ezintasuna" arazo horiei guztiei "aterabidea emateko", eta "burgesiaren interesak eta NATOren interes inperialistak" babesten dituzte politikari profesionalek, "aurpegi zuriketarako politika progresistak martxan jartzen dituzten bitartean". Ukrainako "talde paramilitarrei armak bidaltzen" dizkietela eta "estatu sionistaren konplize zuzenak" direla gogorarazi du GKSk, adibide modura.

Faxismoaren eta diskurtso erreakzionarioen zabalpena jarri dute jopuntuan, bestalde. GKSko kideek azaldu dutenez, "faxismoak proletalgoa otzan eta antolatu gabe mantentzeko asmoa du", "ordena soziala mantentzeko" asmoz. Gainera, diskurtso erreakzionarioek "gero eta oihartzun handiagoa" dutela seinalatu dute: masa-komunikabideek ez ezik, "sare sozialetan eta kalean bertan" hedatzen dituzte mezu horiek "influencer-ek eta bestelakoek", "faxismoa zurituz".

Txantreako Euskara Plazatik abiatuko da abenduaren 14ko mobilizazioa

"Langile-klaseko kideoi jarrera horien kontra borrokatzea beharrezkoa zaigu", Txantreako GKSren esanetan. Hala, joera faxistak eta erreakzionarioak "kalean borrokatzeko" zeregina aldarrikatu du, eta antolakuntza "instituzioetatik kanpo" gauzatu behar dela iritzi dio.

Faxismoaren gorakada geldiarazteko, "langile-klasearen antolakuntza independentea eta lan militantea" gakoak direla ere nabarmendu du, eta dei egin du abenduaren 14an Txantreako Euskara Plazatik abiatuko den manifestaziora batzera, Faxismoaren aurrean gazte langileok lehen lerrora! lelotzat hartuta.

EZ DAGO IRUZKINIK