Joan den apirileko Herri Unibertsitateen ondotik, beste ekimen baten berri eman dute antolatzaileek: datorren abenduan, faxismoaren aurkako Herri Unibertsitate bereziak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat campusetan, lehenengo aldiz. Abenduaren 10ean eta 11n izango dira lekuan lekuko egitarauak, eta aurrerago emango dute xehetasunen berri.
Herri Unibertsitateen antolakuntzatik azaldu dutenez, "ezinbestekoa" da "faxismoari aurre egitea", gero eta hedatuago baitaude "joera matxistak, arrazistak, espainolistak, euskararen aurkako erasoak" eta beste. "Faxismoaren eta haren aurpegi ezberdinen inguruan" egingo dute gogoeta abenduko egitarauetan, baita horri guztiari "aurre egiteko borroka-moldeez" ere.
Tokian toki martxan izango dira Herri Unibertsitateak prestatzeko eta antolatzeko ikasle-asanbladak, eta horietara batzera deitu dute, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez.