AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Gedar
2019/11/16 11:00

Urolako eta Urola Kostako dozenaka gazte elkartu ziren atzo Zestoan (Gipuzkoa). 18:30ean zuten hitzordua Zestoako Gaztetxean, eta lehendabizi, faxismoa izan zuten aztergai gazteek, Faxismoa XXI. mendean hitzaldiaren bidez. Kalera atera ziren horren ostean, eta Faxismoa errotik borrokatu, gazte langileok tinko lemapean, elkarretaratzea izan zen plazan. GKSk eta Zestoako Gazte Asanbladak egin zuten deialdia, elkarrekin.

Faxismoak XXI. mendean hartu duen aurpegi modura kokatu zituzten Boliviako gertakariak, eta estatu kolpea "kriminala zein koldarra" izan dela nabarmendu zuten; "faxismoaren eta nazioarteko burgesiaren aliantza" agerian utzi duena. Hala, gogor salatu zituzten estatu kolpea zein, orokorrean, indar faxisten adierazpenen gorakada, eta elkartasuna adierazi zieten "Boliviako indigenei eta langileei".

"Munduan zehar garrantzia handiko gauzak" jazotzen ari direla azaldu zuten antolatzaileek; hala nola, "protesta masiboak, gerra komertzialak, goseteak, edota blokeo ekonomiko kriminalak". "Faxismoa, etengabe ari da elikatzen langileriaren kontzientzia eta antolakuntza falta", esan zuten: "Horren adibide da Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean indar faxistek hartu duten indarra". Horri guztiari "aurre egitea", "eginbehartzat" jo zuten GKSko eta Zestoako Gazte Asanbladako kideek.

Elkar ezagutzeko eta harremantzeko aukera ere izan zuten gauean Zestoara bertaratutako gazteek. Elkarretaratzearen ostean afaria egin zuten gaztetxean, eta gero, kontzertu akustikoa eskaintzeko taularatu ziren Ondarru Crew taldeko kideak.