AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/07 12:22

Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak joan den otsailean jakinarazi zuen etxegabetua izateko arriskuan zegoela Hernaniko (Gipuzkoa) familia bat. Lortu zuten kaleratzea behin-behinean geratzea, baina gerora finkatu zen behin betiko kanporatze-data. Hain justu, gaurko, ekainaren 7rako, ezarri zuten etxegabetzea.

Protestarako deia egin zuen Etxebizitza Sindikatuak, eta gaur, goizeko aurreneko ordurako, jende ugari bertaratu da Hernaniko Elkano kaleko 33. zenbakira. Etxegabetzeari aurre egiteko eta kaleratua izatear zegoen familiari babesa emateko asmoz, atari aurrean kokatu dira hainbat eta hainbat lagun.

Ertzaintza ere goizetik hurbildu da, 10:30erako finkatuta zegoen etxegabetzea gauzatzeko. Gutxienez lau aldiz oldartu da protestan zeudenen kontra, borra-kolpeka eta pilotakadak jaurtiz.

Hasieran joanarazi duten sarrailagileak uko egin dio sarraila aldatzeari eta kaleratzean laguntzeari, baina eguerdirako lortu dute polizia-indarrek etxegabetzea gauzatzea eta etxe barruan zen familiako kidea kanporatzea. Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuko kideek azaldu dutenez, emakumeari ez diote bere gauzak hartzen ere utzi.

Kaleratzea burutzean ere atari kanpoaldean zeuden pertsonen kontra egin du Ertzaintzak, eta kargak izan dira berriz.

Zaurituak eta atxilotu bat

Goiz osoan zehar, kaleratzeari aurre egiten ari ziren hainbat lagun zauritu ditu Ertzaintzak (irudiak biltzen ari gara). Bestalde, atxilo eraman dute pertsona bat, eta modu bortitzean atxiki dituzte beste bi, zigor-mehatxuak tarteko. Badirudi protestan zeuden hainbat lagunen kontrako isunak ere izango direla.

Hernaniko Udalak, alternatibarik ez

Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuko kideek eguerdi aldera salatu dutenez, etxegabetze-prozesu horren segizio judizialarekin hitz egin dute gaur. Segizio judiziaren esanetan, bizitoki-alternatiba bat eman beharko litzaioke kanporatua izan den familiari, baina Hernaniko Udalak (EH Bildu) ez du inolako alternatibarik eskaini.

Arratsaldean, elkarretaratzea Hernanin

Gaurko kaleratzea eta polizia-indarren bortizkeria salatzeko, mobilizazio deialdi bat egin du berriz Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak. Arratsalderako, 19:00etarako, protesta bat antolatu du Hernaniko Tilosetan.

EZ DAGO IRUZKINIK