Gazte Koordinadora Sozialistak gaur, martxoak 19, jopuntuan jarri du berriro azken asteotan bizitzen ari garen osasun-krisialdia eta horren harira "burgesiak martxan jarritako ofentsiba politikoa". Koordinadoraren esanetan, "alarma egoera ez da kontzeptu neutral bat, politikoa baizik, eta horren atzean salbuespen egoera ezkutatzen da". Hala, salbuespen egoeraren aurkako salaketa kanpaina politikoa abiatu du, Burgesiaren ofentsiba gelditu! lemapean.
Interes ekonomikoen gainetik medikuen eta osasun-adituen irizpideak lehenetsi behar direla nabarmendu dute GKSko kideek, eta ondorengo puntuak jo dituzte lehentasunezkotzat: langileriaren aldeko dinamikak bultzatzea eta defendatzea, koronabirusaren inguruko egiazko azalpen baten beharra azpimarratzea eta, egungo egoeran, askatasun politikoak berreskuratzea.
Momentuz, lau helduleku nagusitan banatu dute "salbuespen egoeraren" aurkako lanketa.
1. BURGESIAREN SALBUESPEN NEURRI POLITIKOAK BERTAN BEHERA UZTEKO ETA ASKATASUN POLITIKOAK BERREZARTZEKO URGENTZIA
"Itxialdi edota konfinamenduarekin jarduera politikoa debekatu dute, besteak beste, biltzeko askatasuna eta manifestazio askatasuna bertan behera utziz", azaldu du GKSk. Gainera, biltzeko askatasuna debekatu baina ekoizpena bere horretan mantentzea aurpegiratu dio burgesiari. Langileriak egunotan jasan behar dituen lan baldintzak salatu dituzte koordinadorako kideek, eta oligarkiak "banketxeen eta enpresaburu handien zuzeneko diktadura ezarri" izana gaitzetsi dute.
Espazio publikoaren kontrola eta indar armatuen presentzia ere izan dituzte hizpide, eta alor geopolitikoari dagokionez, azpimarratu dute azaleratu egin direla "mundu mailako krisi kapitalista, Europaren gainbehera inperialista, eta Europako klase ertainaren geruza zabalen desintegrazioa eta proletarizazio prozesu orokorra".
2. SOZIALDEMOKRAZIAREN IZAERA KOLABORAZIONISTA ALARMA EGOERAREN AURREAN
"Gobernuan dauden alderdi sozialdemokratak zein oposizioan daudenak estatuaren bitartez oligarkia inposatzen ari den salbuespen neurri politikoekin kolaboratzen ari dira", adierazi dute GKSko kideek. Gobernutik ezarritako programa politikoa, gainera, "krisia geroratzeko programa" dela ohartarazi dute, eta gerora "langileriaren gainera" etorriko dela.
Bestalde, "nazio auziari" dagokionean, Hego Euskal Herrian "autonomien eskumenak baliogabetzeak" agerian utzi du, koordinadoraren arabera, "autonomia estatutua erabat dependentea dela Espainiako Estatu burgesarekiko eta salbuespen egoeretan autonomia hori indargabetuta gelditzen dela". Gainera, gogoan izan du "autonomia estatutuaren bitartez antolatzen duela oligarkiak euskal lurraldea", eta "Euskal Herriaren askatasunerako oztopoa dela autonomia estatutua".
3. KORONABIRUSAREN KAUSEN, DIMENTSIOAREN ETA ERAGINEN EGIA EZAGUTZEKO PREMIA
Covid-19aren harira egon den desinformazio masiboa ere salatu du Gazte Koordinadora Sozialistak, eta arazoaren muina eta egia jakin eta aldarrikatu nahi duela adierazi du: "Burgesiak sortu duen osasun-arazoak eragingo dituen benetako kalteen aurreikuspena zein den azaltzea exijitzen dugu".
Gainera, Espainiako Estatua ezartzen ari den neurri ekonomiko, politiko eta sozialak noraino iritsiko diren eta horien bitartez benetako zein agertoki sortzeko asmoa duten azaltzea eskatu dute GKSko kideek.
4. BEREHALAKO ZEREGINAK ALARMA EGOERAREN AURREAN
Azkenik, salbuespen egoeraren aurrean hartutako posizioa berretsi, eta dei egin die talde, kolektibo eta antolakundeei salaketa kanpaina politikoan parte hartzera: "Dei egiten diegu kanpainara batzera eta alarma egoera honetan ezartzen ari den ofentsiba salatzera". Egoera horrek langilerian duen eraginari buelta emateko asmoz, "kolektiboen auto-antolakuntza eta langileriaren defentsa politiko, juridiko eta ekonomikoa antolatzeko dinamikak bultzatu eta babestuko dituela" nabarmendu dute berriz.