Debabarrena eskualdeko (Gipuzkoa) Ikasle Abertzaleakek eta Eibarko (Gipuzkoa) Gazte Koordinadora Sozialistak jakinarazi dutenez, Mugimendu Sozialistari beto politikoa ezarri diote Eibarko Gaztetxean. Ezker Abertzaleak bultzatutako neurri bat izan dela azaldu dute, eta une honetan debekatuta dutela gaztetxea erabiltzea: GKSko eta IAko kideek galarazita dute gaztetxera sartzea; haien "jardun politikoa aurrera eramateko, pankartak egiteko, biltzeko nahiz egitarauak sortzeko eta gauzatzeko".
Gertakariak
Eibarko Gazte Asanbladak "irizpide teknikoen bitartez justifikatu" du erabaki politiko hori, GKSk eta IAk argitu dutenez. Irail amaieran Gazte Topagune Sozialistaren aurkezpen bat egitekoa zen Eibarko Gaztetxean, eta egitaraua biribiltzeko, rap kantari talde handi baten parte diren bi abeslarirekin jarri ziren harremanetan GKSko eta IAko kideak.
Gaztetxeko protokoloa betez, irailaren 13an jo zuten Eibarko Gazte Asanbladarengana Topagunearen aurkezpenaren egitaraua kontrastatzeko. Asanbladako kideek esan zuten "kanta erasokorrak" izan zitzaketela rapero horiek, eta haien abestietako letrak "ondo begiratu beharko liratekeela".
"Hurrengo asanbladan, aurrez aipaturiko raperoen taldeko kide batek kantu erasokorrak zituela esan zen; eta horretaz gain, berak iraganean izaniko jarrera onartezinak aipatu ziren", adierazi dute GKSk eta IAk. "Bi arrazoi horiek zirela medio, kide hori oholtzara ez igotzeko hautua hartu zen eta guk raperoei asanbladan harturiko erabakia komunikatu genien".
Rap abeslari horrek publikoki esan zuen ezin zuela Eibarko Gaztetxea erabili, eta "hedapen handia" izan zuten haren adierazpenek. Eibarko Gazte Asanbladak bilera batera deitu zuen orduan, eta GKSko eta IAko kideei exijitu zien komunikatu bat argitaratuz erantzuteko. "Autonomia eta eragileen arteko errespetua sustatzen omen dituen espazio horrek, hori errespetatu ez eta irakurketa bat sinatuarazi edo gurea idaztera behartu nahi izan gaitu", salatu dute IAk eta GKSk. "Irakurketa hori ez argitaratzearen ondorioz, beto politikoa ezarri zaigu Gaztetxeko Asanbladan".
Beto politikoa, Whatsapp bidez jakinarazita
Topagunearen aurkezpena bertan behera uztea erabaki zuten GKSko eta IAko kideek, eta azaldu dute uneoro erakutsi dutela "elkarrizketarako eta ideiak trukatzeko borondatea", "baita rapero taldearekin ere". Eibarko Gazte Asanbladak, beste behin bildu ostean, Whatsapp bidez eman zien ezarritako debekuaren berri GKSko eta IAko kideei.
Ezker Abertzalearen interesa
"Erabaki horren atzean, irizpide teknikoen bitartez justifikaturiko beto politikoa dago eta horretan interesa duen bakarra Ernai da", seinalatu dute. "Izan ere, Mugimendu Sozialistarentzat garrantzizko azpiegitura horretara sarbidea kentzeak mugimendua ahultzea beste helbururik ez du; bereziki, Eibarren azpiegitura falta dagoela jakinda".
Salatu dute, bestalde, Gaztetxeko Asanbladak argi utzi duela "ezberdin jokatzen dela" eragilearen arabera. Hala, "asanbladan dauden eta pisua duten norbanako batzuen interes partikularren araberako erabakiak" hartu direla azpimarratu dute.
"Ezker Abertzaleko kideen borondatea hasieratik izan da Mugimendu Sozialista gaztetxetik bidaltzea", esan dute GKSko eta IAko kideek. Horretarako, gainera, asanblada instrumentalizatu duela nabarmendu dute. "Argi daukagu gaur ez bada ere, egoera aprobetxatu eta beste edozein aitzakia gure aurkako diskurtso, iritzi eta jarrera zabaltzeko zein beto politikoa ezartzeko erabiliko zuela".
Gazte asanbladak "eztabaida politikorako eta politika iraultzailea garatzeko espazio modura" kokatu dituzte GKSk eta IAk; "arrazoiaren bitartez, erabakiak kontsentsuz edo gehiengoei esker hartu behar direla uste dugu, eta ez pertsonalismoei esker edo azpijokoak erabiliz".
"Hitz egiteko prestutasun osoa" dutela gogorarazi dute GKSko eta IAko kideek: "Baina argi utzi nahi dugu era honetako erasoek ez gaituztela kikilduko eta determinazioarekin erantzungo dugula".