AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aurreko astean Palestinarekin Elkartasunak egindako mobilizazioetako bat, Bilboko Arriagan.
2025/09/13 10:37

Israelgo Estatuak Espainiako Estatuan daukan ordezkari instituzional nagusiak, Dana Erlichek, Bilboko (Bizkaia) Silken Indautxu hotelean eman behar zuen hitzaldi bat hilaren 17an. Horren aurka aritu da borrokan Palestinarekin Elkartasuna plataforma: egun horretan hotel aurrean mobilizatzera deitu zuen, eta presioa egiten jardun du, bai hotelari bai Bilboko Udalari, Erlichen hitzaldia bertan behera geldi dadin. Eta lortu du azkenean: jasandako presioa dela-eta, enbaxadore sionistak ez du hitzaldia egingo

Palestinarekin Elkartasunak garaipen gisa aldarrikatu du lorpena, eta gogorarazi du aste honetan Sestaon (Bizkaia) gertatutakoari gehitu behar zaiola hori. Izan ere, Palestinaren aldeko protesten eta adierazpenen ondorioz, 40 Open Basque Country xake-txapelketara ez joatea erabaki dute azkenean bertan izena emanda zeuden zazpi jokalari "israeldarrek". 

Protestek erakusten dutena

Plataformaren ustez, Euskal Herrian Palestinako erresistentziaren alde eta Israelgo Estatuko ordezkarien edonolako parte-hartzearen aurka izan diren azken mobilizazioak (Vueltari loturiko protestak kasu) zerbaiten isla dira: "Erakusten dute euskal herritarrek, alde batetik, elkartasuna adierazten diotela herri palestinarrak genozidioaren aurka egiten duen borrokari; eta, bestetik, ez dutela onartzen Israelgo Estatu terroristak kirolaren eta kulturaren bidez egiten duen irudi garbiketa".

Horiek horrela, "sionismoaren eta hura bizirik mantentzen laguntzen duten konplizeen aurka antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko beharra" nabarmendu du Palestinarekin Elkartasunak. Urriaren 4an izango da hurrengo hitzordua: Iruñean (Nafarroa) antolatu du manifestazio nazional bat 2023ko urriaren 7ko altxamenduaren urteurrenaren harira, palestinar erresistentziaren defentsan.

EZ DAGO IRUZKINIK