Euskal Herri osoko hainbat Gaztetxe eta Gazte Asanblada buru-belarri ari dira lanean, urte honetarako topaketa berri batzuk antolatzen. Tokia eta data badituzte jada: Elorrion elkartuko dira, maiatzaren 29tik 30era bitartean. Aurreratu dutenez, hainbat helbururekin ari dira ekimen nazionala antolatzen: "Gaztetxe eta Gazte Asanbladen saretzean aurrerapausoak emateko", "Gaztetxe eta Gazte Asanbladen komunitatea indartzeko", "erronka zaharren zein berrien inguruan kolektiboki hausnartzeko", eta "Gaztetxeen loraldia bultzatzeko".
Azaldu dute asanblada irekien bidez ari direla topaketak prestatzen, eta lau bilera egin dituztela dagoeneko. "Topaketetan parte hartzeko gogoa duen edozein Gaztetxe zein Gazte Asanblada gurekin harremanetan jartzera animatzen dugu", gaineratu dute. Aurrerago emango dute xehetasunen berri.
Topaketak Ipar Euskal Herrian eta Bizkaian, iaz
Aurreko udan, maila txikiagoko topaketak izan ziren hainbat Gaztetxeren eta Gazte Asanbladaren artean. Ekainean, Itsasun egin zuten jardunaldi bat Ipar Euskal Herriko Gaztetxeetako kideek, saretzea indartzeko eta hainbat auziren inguruan hausnartzeko. Uztailean, berriz, Gernikan batu ziren Bizkaiko Gaztetxe eta Gazte Asanbladetako ehunka lagun, egun osoko egitarau batean. Manifestazio bat ere egin zuten bertan, Gaztetxeak aurrera! aldarritzat hartuta: "Gaztetxeen aurkako oldarraldi honen testuinguruan, guk Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen aldeko hautua egiten dugu".