AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Wikimedia Commons
2022/09/07 17:26

Puntako orduetan argindarraren kontsumoa murriztea eta Errusiatik iristen den gasaren prezioa mugatzea erabaki du Bruselak, gas esportatzaile erraldoiak Europar Batasuneranzko (EB) hornidura eten duen honetan. Bestelako gutxieneko neurri batzuk ere onartu dituzte, hala nola, "energia enpresen irabaziei mugak jartzea" nahiz "familientzako eta enpresentzako laguntzak" ezartzea; izaera erregulatzaile eta kosmetikoa dutenak gehienbat. Promesak promesa, gauza ziurra da energia-merkatu gorabeheratsuarekin iritsiko dela negua Europara.

COVID-19aren sasoian ikusi bezala, merkatu librea EBko agintaren hiztegitik desagertu da nazioarteko merkatal krisiak aurrera egin ahala. Von der Leyenek epe laburrerako proposamenak zabaldu ditu batasuneko Energia ministroak Bruselan bildu baino 48 ordu lehenago, "merkatuan premiaz esku hartu eta zer neurri hartu eztabaidatzeko". Espainiako Estatuko gobernuak ez bezala, Europako Batzordeak oraingoz bereizi egin ditu epe motzeko neurri sorta eta merkatuaren erreforma bera, nahiago baitu 2023. urte hasierarako utzi.

Erreforma horrek energiaren prezio garestiena (gasarena) argiaren ordainagiritik bereiztea ekarriko luke, besteak beste. Izan ere, Von der Leyenek berak aitortu duenez, gasaren merkatuan une batetik bestera eskaintzaren jaitsiera gogorra gauzatzeak "zeharkako eragina" izango du elektrizitatearen merkatuan, eta, beraz, Europako enpresek zein familiek "elektrizitatearen prezio astronomikoei eta merkatuaren hegazkortasun itzelari" egin beharko diete aurre. Zentzu horretan, Europako Batzordeko presidentea "elektrizitatearen aurrezpen adimentsuaz" mintzatu da, hau da, puntako orduetan elektrizitatearen erabilera murrizteko aginduaz. El País egunkariak aurreratu duenez, murrizketa hori %5ekoa izan daiteke.

Irabaziei muga erlatiboak

Esan bezala, EBk "kostu txikiko elektrizitatea ekoizten duten enpresen diru-sarrerentzako muga" bat proposatuko du. Izan ere, karbono gutxiko energia-iturriak ustekabeko irabaziak sortzen ari dira, "ekoizpen-kostuak islatzen ez dituztenak", Von der Leyenen arabera. "Pertsona zein enpresa ahulenei laguntzeko" dela dioten arren, adosten ari direna enpresen irabaziak orekatzeko errentaren gutxieneko birbanaketa bat eta merkatuen erregulazioa dira, funtsean. Ezohiko egoera baten erdian kapital partikular batzuk metatzen ari diren ezohiko irabaziengatik kapital kolektiboa hondoratzea saihestu nahi dute horrekin.

Ustezko "elkartasun" printzipio horren iruzurra berehala antzematen da, batez ere, etekin erraldoiak izan dituzten energia merkaturatzaileentzat ere diru-partida erraldoiak prestatzen ari direla jakid. "Energia merkaturatzen duten enpresek laguntza jaso behar dute merkatuen aldakortasunari aurre egiteko. Gaur egun, ustekabean funts kopuru handiak emateko eskatzen zaie, eta horrek negoziatzeko gaitasuna eta etorkizuneko merkatuen egonkortasuna arriskuan jartzen ditu", adierazi du batzordeburuak. Ondorioz, "azeleratu" egingo dute enpresa horiei funts publikoak emateko prozesua.

Zigorrei iseka

Gazprom Errusiako energia enpresa erraldoiak asteazken honetan adierazi duenez, Txinak errublotan eta yuanetan ordainduko du Errusiako gasa aurrerantzean, dolar estatubatuarretan ordaindu beharrean. Mendebaldeko potentziek Ukrainako gerraren harira Moskuri ezarritako zigorren aurrean, Pekinekin harremanak estutzen ari dira errusiarrak.

EZ DAGO IRUZKINIK