AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/03 08:02

Ikasleek egindako lan politikoaren zentsura saiakerak eta, besteak beste, propaganda kentzea; ikasle militanteen kontrako umiliazioa; eta, askatasun politikoen aurkako erasoak nahikoa ez balira, irakasle jazarle baten erabateko inpunitatea eta hainbat irakasleren komentario matxistak eta arrazistak. Besteak beste, hori da Txantreako (Iruñerria, Nafarroa) Eunate ikastetxeko ikasleek jasan behar dutena. Iruñerriko Ikasle Abertzaleak antolakundeak azaldu duenez, bereziki larria da hainbat ikasle sexualki jazarri dituen irakaslearekin gertatutakoa, Eunateko zuzendaritza ez baita gai izan neurri eraginkorrik hartzeko eta "arazoari irtenbidea emateko".

IAko kideen esanetan, ikasleek behin baino gehiagotan salatu dute egoera, baina "zuzendaritzak agerian utzi du konponbide erreal bat emateko ezintasuna". Seinalatutako irakasleek, esaterako, normaltasun osoz jarraitzen dute eskolak ematen. "Onartezina iruditzen zaigu ikastetxeetan horrelako jarrerak onartzea, are gehiago, berez hezitzaileak diren irakasleen partetik", salatu du IAk. Eta gaineratu du: "Soilik barkamena eskatzen duen irakasle batek klaseak ematen jarraitzeak ez du ikasleon segurtasuna bermatzen. Ikastetxeak ez bezala, ikasleok aldarrikapen argi eta zehatza daukagu: gure klaseetan ez dago erasotzaileentzat inongo lekurik".

"Zuzendaritzak ez badie arazo horiei irtenbide errealik ematen, gu mobilizatuko gara", aldarrikatu dute. Hala, aurreko ostiralean ikasle andanak egin zuen eserialdi zaratatsu bat ikastetxeko korridoreetan, askatasun politikoen alde eta irakasle erasotzaileen inpunitatearen kontra. Kartelez eta aldarriz bete zituzten pasilloak: "Irakasle autoritariorik ez", "Erasorik ez", "Erasoen aurrean antolatu"... Eserialdian hitza hartzean, IAko kideek garbi esan zuten, irakasleei mintzatuz: "Irakasle izateak ez dizue gure gainetik pasatzeko autoritaterik ematen. Ez zarete gu baino gehiago, eta injustizia orori aurre egiteko indarra dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK