AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
PSOEk okupazioaren kontra proposatutako lege baten kontrako protesta Gasteizen, 2022an.
2024/03/22 11:28

Okupazioari aurre egitea argudiotzat hartuta, Espainiako Gobernuaren lege-proiektu bati lotutako emendakin bat aurkeztu du berriki EAJk, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Aldaketa legal azkar bat proposatu du, posible izan dadin okupatutako nahiz ordaindu gabeko etxeak azkar hustea; 48 orduan, hain zuzen ere.

Zehazki, Prozedura Kriminalaren Legea (LECrim, gazteleraz) molda dezatela eskatu dute jeltzaleek, artikulu berri bat txertatzeko eta "etxebizitza baten okupazioari" azkar kontra egin ahal izateko. Martxoaren 6an sortutako idatziaren arabera, EAJk bilatzen duena da epaileek eta auzitegiek aukera izatea desalojo azkar bat agintzeko, gehienez 48 orduko epean, "pertsona jabedun fisikoak edo beste tituluren bat dela-eta jabedun legitimoa denak kautelazko eskaera bat" eginez gero.

Kasu horietan, jopuntuan jarritako etxean dauden pertsonek jabetza-titulurik erakutsiko ez balute, etxegabetzea gauzatu ahal izango litzateke, inolako epaiketa-prozesurik gabe eta bizitokiaren bortxaezintasuna urratuta.

Okupazioaren kriminalizazioa

Emendakina justifikatzeko, ohi bezala, okupazioa seinalatu eta kriminalizatu du EAJk. Esan du "errealitate sozialak agerian utzi" duela "etxebizitzen okupazioak kalte nabarmena eragiten" dietela jabeei. Etxeak okupatzen dituzten pertsonek, gainera, "elkarbizitza-arazoak" eragiten dituztela adierazi du, bai eta okupazioak "hiri-ingurunearen pixkanakako degradazioa edo inguruko higiezinen debaluazioa" sortzen dituela ere.

EAJ, PPrekin sintonian

Jeltzaleen emendakina bat dator "okupazioaren kontrako" azken legearekin. Berriki onartu dute neurria Espainiako Senatuan, PPren eta Voxen adostasunarekin, eta EAJren zein Juntsen abstentzioarekin. Senatuan onartu ostean, Diputatuen Kongresuan bozkatuko dute neurri-sorta.

Lege horrek barne hartzen ditu, hala nola, etxegabetze azkarrak 24 orduko epean gauzatu ahal izatea (eta epaiketarik gabe); okupazioaren kontrako zigorrak gogortzea; okupatutako espazioak bizitokitzat ez hartzea eta horietan erroldatzeko debekua; bizilagunek okupazioaren aurka egiteko eskumena edukitzea; okupazioari lotutako antolakuntza politikoa zigortzea, eta abar.

Aurreko agintaldian, PSOEk ere proposatu zuen etxegabetzeak 48 orduan gauzatu ahal izatea, ustez "bizitokia bortxatu" den kasuetarako. Emendakin horrek, azkenean, ez zuen aurrera egin.

EZ DAGO IRUZKINIK