AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / VIA Empresa
2025/02/14 13:17

Espainiako Estatuan 1985az geroztik jaiotako belaunaldiek beherakada handia izan dute etxebizitzaren jabetzan eta aberastasun garbian. Duela gutxi argitaratu dituzte Espainiako Bankuaren Familien Finantza-Inkestaren datuak, eta horren arabera, 1945 eta 1965 artean jaiotakoen %81ek etxebizitza jabetzan zuten 42 urterekin, baina kopuru hori %67ra jaitsi zen 1975 eta 1985 artean jaiotakoen kasuan. Hala ere, beherakada handiena 1986 eta 1995 artean jaiotako pertsonen artean ikusten da; izan ere, aurreko belaunaldiekin alderatuta, etxebizitzen erdiak dituzte jabetzan, eta bost aldiz aberastasun txikiagoa metatzen dute.

Espainiako Estatuan azken 20 urteetan aberastasunak izan duen bilakaera aztertzen du txostenak, eta belaunaldien arteko ondare-desberdintasuna areagotu egin dela nabarmentzen du. Hainbat faktorek eragin omen dute beherakada hori, hala nola etxebizitzaren garestitzeak, lan-prekaritateak eta kreditua lortzeko zailtasunek. Gainera, inkestak erakusten du handitu egin dela aberastasuna biztanleriaren %5 aberatsenean kontzentratzeko joera, aldea areagotuz.

Egoera horrek erronka handiak dakarzkio ekonomia kapitalistari, gazteengan ondarea gutxiago metatzeak kontsumoan, inbertsioan eta finantza-egonkortasunean eragin baitezake epe luzera.

EZ DAGO IRUZKINIK