Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldi bat egin zuen atzo Bilboko (Bizkaia) "Manhattan berrian", Zorrotzaurren, mobilizazio-ziklo bat iragartzeko. Etxebizitzaren negozioaren kontra deitu du mobilizatzera, "arazoaren larritasuna" eta hainbat gobernu ezartzen ari diren erreformak ikusita. Sindikatuak ohartarazi du "polarizazio ekonomiko eta soziala sortzen" duela etxebizitzaren auziak, "egungo proletarizazio-prozesuan, etxebizitzaren negozioak irabazi handiak sortzen" dituelako alde batean, "eta geruza zabal batzuen pobretzea bizkortzen, beste aldean".
Arazoaren jatorria: etxebizitzarekin negozioa egitea
Ezer baino lehen, higiezinen sektorearen interesak jarri ditu jopuntuan sindikatuak, bere esanetan, "etxebizitza negozio izatea" baita "etxebizitzaren arazoaren jatorria". "Absurdua da pentsatzea bankuei, eraikuntza-enpresei eta era guztietako errentatzaileei diru eta botere gehiago emanez gero, desagertu egingo direla abusuak, prezio-igoerak, bazterkeria arrazista eta klasista eta etxegabetzeak", aldarrikatu du: "Konponbidea, ezinbestean, etxebizitza eskubide unibertsal bihurtzea da, doan eta kalitatezko baldintzetan ziurtatuz".
"Ez dago etxebizitza-eskasiarik, etxebizitzarako sarbide problema bat baizik. Kontua ez da etxebizitzak falta direla zentzu materialean, baizik eta negozioa egiteko erabiltzen direla etxebizitzok, eta ez behar sozialei erantzuteko", salatu du sindikatuak. Negozio-ikuspegitik, etxebizitzak hutsak "errentagarriagoak" direla ohartarazi du, eta horregatik bihurtzen dituztela pisu turistiko edo "luxuzko merkatu batean merkaturatzen". "Eskasia, beraz, erlatiboa da: etxebizitza merkatu-ondasun moduan ekoizten duen merkatuarekiko erlatiboa", argitu du.
Alderdi parlamentarioen hobekuntza faltsuak
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren hitzetan, "etxebizitzaren auziari buruzko eztabaida parlamentarioaren polarizazioa marketin elektorala besterik ez da". Alderdi politiko guztien eta euren proposamenen atzean "kontsentsu orokor bat dagoela" uste du: "Etxebizitza politika guzti-guztiek babesten dituzte errentatzaileen irabaziak eta normalizatu egiten dute langile-klaseko geruza zabalen pobretze-prozesua".
Sindikatuko kideek azaldu dutenez, alderdi denek uste dute irtenbidea dela etxebizitza-merkatua "sustatzea", "higiezinen interesei kalte egitea ekidinez eta prezioetan esku hartzeko inolako neurri errealik proposatu gabe". "Alderdi
guztiak bat datoz esatean problema horren soluzioa higiezinen eta eraikuntzaren sektoreari dirulaguntza publikoak, zerga-onurak eta era guztietako onura ekonomikoak ematea dela", gaitzetsi dute.
Hortaz, ondorio argi bat atera dute: "Etxebizitzaren arloko politika guztiek [...] etxebizitzaren negozioa bultzatzen dute, mekanismo kultural, ekonomiko eta juridikoak indartzen baitituzte negozio horrek ahalik eta errentagarriena izaten jarrai dezan". Gaineratu dutenez, horrela "ideologia propietarista zabaltzen dute, lurzorua liberalizatu, okupazioaren eta ez-ordaintzeen kontrako jazarpena bultzatu", eta abar.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nabarmendu du "etxebizitzaren arazoaren konponbide bakarra" dela "higiezinen sektorearen interesei erasotzea; etxebizitzaren negozioari erasotzea".
Bi aukera eta borrokarako hiru aldarri
Sindikatuak beharrezkotzat jo du, hortaz, "mobilizazio- eta borroka-prozesu handi bati ekitea, etxebizitza doakoa izatea helburu duena". Zorrotz seinalatu du "bi aukeraren artean hautatzea" ekarri behar duela prozesu horrek: "Etxebizitzaren arazoa konpontzea etxebizitzaren negozioa indartuz, ala etxebizitzaren arazoa konpontzea etxebizitzaren negozioaren kontura".
Hala, hiru aldarri nagusi atera ditu mahaira, eta horiei helduko die hurrengo mobilizazio-zikloan: