Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek agerraldi bat egin dute berriki Bilbon (Bizkaia), elkarrekin, mobilizazio deialdi bat egiteko. Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez! lelopean antolatu dute manifestazio bat, abenduaren 14rako. Bilbon bertan izango da, 13:00etan Plaza Eliptikotik hasita. "Etxebizitzaren negozioaren aurka, politikarien eta instituzioen fartsaren aurka eta doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde" irtengo dira kalera.
"Langile-klase osoa pobretzen ari da eta etxebizitza pobretze horren kausa handienetakoa da", seinalatu dute sindikatuek: "Duela hamarkada gutxi batzuk etxea erosteko asmoa izan zezaketenek, orain, alokairuan galtzen dituzte aurrezkiak; alokairu bat ordaindu zezaketenak, orain, Etxebideren edo Nasuvinsaren zerrendetan daude zain; eta beti kalean egon direnek, orain, Estatuaren baliabideen murrizketa bizi dute". Azaldu dute "etxebizitzaren arazoa beti" egon izan dela "sistema kapitalistan", "baina orain areagotzen ari dela".
Euskal Herrian, zehazki, arazoa biziagotzen da "interes turistikoa duten eremuetan", etxebizitza sindikatuen esanetan. Adibide modura aipatu dituzte Donostia (Gipuzkoa), Ipar Euskal Herriko kosta eta hirigune handiak. Ohartarazi dute, gainera, "etxebizitzaren merkantilizazioak modu bortitzean eragiten" diela "gizarte-sektore jakin batzuei"; hala nola, "migratzaileei, emakumeei eta genero-disidentziei".
Negozioa miseriaren kontua
"Batzuentzat eguneroko arazoa den hori, beste batzuentzat, negoziorako aukera da", salatu dute sindikatuek: "Putre-funtsek, inbertsore handiek, bankuek, erakunde publikoek eta hain handia ez den jaberen batek ere, etxebizitzaren merkatutik gero eta etekin handiagoa ateratzen dute". Horri lotuta gaitzetsi dute "alde batean aberastasuna eta jabetzak kontzentratzen" direla, "eta bestean pobretzea areagotzen" dela.
Alderdi politikoen hobekuntza faltsuak
Agerraldian gogorarazi zutenez, "etxebizitzaren arazoaren inguruko kezka soziala" handitzen ari delako "mugitu" dira orain "alderdi guztietako politikariak", eta "ez dute beraien neurriak saltzeko denborarik galdu". Baina saltzen dituzten "hobekuntzak faltsuak" dira, sindikatuek adierazi dutenez. "Eskuinetik ezkerrera, denek ideia bera partekatzen dute: etxebizitzaren arazoa konpontzeko, negozioa sustatu behar dela".
Etxebizitza sindikatuen esanetan, alderdi parlamentarioek iradokitzen dute "eskaintza faltaren ondorio" dela etxebizitzaren arazoa, eta "eskaintza hori merkaturatzen dutenei mesede egin behar zaiela" hainbat neurriren bitartez; esate baterako, "errentistentzako laguntzak, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza beste eraikuntza-ziklo bat aktibatzeko, prezioei topea jarri baina joera gorakorra mantendu", eta abar. Espainiako Estatuan onartu den azken Etxebizitza Legea horren isla da, gogoan izan dutenez.
"Ez ditugu hobekuntza faltsu horiek onartzen. Ez dugu onartzen politikarien eta enpresarien arteko akordioak langileontzako mesedeak bailiran aurkeztea. Eta ez ditugu eztabaida faltsuak onartzen. Ez dugu erabaki nahi zenbat ordaindu behar duen bizitza guztian alokairuan bizi beharko duen gazteak, edo zenbat miseriazko alokairu sozial beharko dituen gero eta pobreagoa den biztanleriak", argitu dute.
Negozioaren alde edo etxebizitza-eskubidearen alde
"Sua ezin da gasolinaz itzali. Arazoa ez da eskaintza falta, etxebizitzarako sarbide-arazoa da bizi duguna", nabarmendu dute etxebizitza sindikatuek: "Etxebizitza eskuragarririk ez badago, ez da existitzen ez direlako, baizik eta interes espekulatiboak elikatzen dituztelako. Errentagarriagoak direlako hutsik, askoz diru gehiago ematen dutelako pisu turistiko gisa edo prezio neurrigabeetan merkaturatuta".
"Ez dago espekulatzaileen eta gure klasearen interesak bateratu ditzakeen etxebizitza-politikarik. Erabaki beharra dago, edo negozioaren alde, edo etxebizitza-eskubidearen alde", jarri dute mahai gainean. Izan ere, seinalatu dute "larria" dela etxebizitzaren arazoa, "eta hori aldi batez arintzeko urgentziazko neurriak hartu behar badira", "negozioaren kontura" hartu beharko liratekeela neurri horiek.
"Adibidez, jabeei diru-laguntzak eman beharrean, prezio guztien jaitsiera orokorra aplikatu dadila, edota albo batera utz dezagun milaka etxe berriren eraikuntza eta zentratu gaitezen jabe handiek hutsik dituzten etxebizitzek eta pisu turistikoek erabilera soziala izan dezaten", xehatu dute sindikatuek. "Premiazko neurriak hartu behar badira, dirua espekulatzaileen poltsikotik etor dadila, eta ez dadila diru publikorik erabili haien diru-zorroak are gehiago betetzeko", gaineratu dute.
Egiturazko aldaketak, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde
Sindikatuek esan dute, hala ere, "urgentziazko neurriak" izango liratekeela horiek, "ez dutenak jendarte osoaren etxebizitza-arazoa konpontzen, ezta pobretze-prozesua geldiarazten ere". "Etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen bitartean, ez da eskubidea izango", oroitarazi dute.
Horregatik uste dute beharrezkoa dela, "premiazko neurrien alde ez ezik, etxebizitza duin baterako sarbidearen alde borrokatzea, etxebizitza eskubide unibertsal bilakatu dadin". "Aldaketa estrukturalak beharrezkoak dira gure gizartean, eta etorkizun horren alde masiboki borrokatu duen langile-klase antolatua ezinbestekoa da", aldarrikatu dute.