AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Economista
2024/10/18 15:34

Etxebizitzarako sarbidea gero eta zailagoa bihurtzen ari da gaur egun, prezioen igoerak eta jabeen eta maizterren arteko desberdintasunak tartean. 2015eko bigarren hiruhilekotik aurrera, etxebizitzaren prezioen indizea (salerosketari dagokiona) %61,17 igo da, nahiz eta soilik %16 igo den batez besteko soldata. Eta alokairu-merkatuan ere igoera nabarmena izan da: alokairuen prezioen igoerak %27 eta %58 artean kokatzen dituzte zenbait ikerketak, nahiz eta beste zenbait kalkuluk igoera are handiagoa iradokitzen duten.

Zehazki, Idealista atariaren arabera, Espainiako Estatuan %76ko igoera izan da 2015eko irailetik 2024ko irailera bitartean, metro karratuko alokairuaren batez besteko prezioa 7,4 eurotik 13 eurora igo baita. Hala eta guztiz ere, egun, alokairuan bizi diren norbanako edo familien kopurua duela hamar urtekoa baino %43,84 altuagoa da; eta prezioen igoera dela eta, diru-sarreren %30 alokairua ordaintzen galtzen ditu bakoitzak, batez beste.

18 eta 35 urte bitarteko gazteek soldataren %108 bideratu behar dute alokairura eta etxebizitzari lotutako bestelako gastuetara, bakarrik bizi nahi badute

Testuinguru horretan, gazteak eta atzerritik migratu duten langileak dira kaltetuenak. Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundearen (ELGA euskaraz eta OCDE gaztelaniaz) ikerketa baten esanetan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek soldataren %108 bideratu behar dute alokairura eta etxebizitzari lotutako bestelako gastuetara, bakarrik bizi nahi badute. Emantzipazioari dagokionez, 30 urtetik beherako gazteen emantzipazio-tasa %16,3an kokatzen da, eta emantzipatzen direnen artean, %29 dira etxebizitza baten jabe (gazteen guztizkoaren %4,7).

Espainiako Estatuan jaio ez diren pertsonentzat ere nabarmenak dira zailtasunak. Espainiako Estatistika Institutuaren (INE, gaztelaniaz) datuen arabera, atzerritik migratu duten familien %35,8k soilik erosi ahal izan dute etxebizitza bat, estatuan jaiotakoen %68,6k ahal izan duten bitartean.

Gainera, errentari erreparatzen bazaio, hilabetean 5.000 euro baino gehiago irabazten dituzten pertsonen %10,6 eta 2.500-5.000 euro arteko irabaziak dituztenen %11,6 baino ez dira alokairuan bizi.

Ezberdintasun estrukturala

Etxejabeen eta maizterren arteko desberdintasuna nabarmendu egin zen 2023an Oxfordeko Unibertsitateak egindako ikerketa batean. Jabeen %76 daude errenta altueneko pertsonen artean; eta kontrara, maizterren %29 inguru daude segmentu horretan. Izan ere, Espainiako Estatuan, batez beste, maizterrena baino 2,36 aldiz handiagoa da etxejabeen errenta, ikerketa horrek ondorioztatzen duenez.

Espainiako Estatuan, batez beste, maizterrena baino 2,36 aldiz handiagoa da etxejabeen errenta

Espainiako Bankuaren arabera, etxebizitza-merkatuan jabe txikiak eta partikularrak dira agente nagusia, alokairuan dauden etxebizitzen %92ren jabe baitira. Gainera, etxebizitzarekin espekulatzearen errentagarritasuna nabarmen ari da gora egiten, azken urtean, %7,5eko igoera bat izan baitu. Denera, 2015. urteaz geroztik, %52 hazi dira merkatu horretako irabaziak, eraikuntzatik lortutakoa kontuan izan gabe.

2015. urteaz geroztik, %52 hazi dira merkatu horretako irabaziak, eraikuntzatik lortutakoa kontuan izan gabe

Etxebizitza-parkea

Espainiako Estatuko etxebizitza-parkearen nolakotasuna aztertuz gero, 2021. urterako, 26,6 milioi etxebizitza zeudela zenbatzen zen. Horien artean, ia lau milioi zeuden hutsik; hau da, zazpitik bat baino gehiago. Beste alde batetik, zortzi milioi (etxebizitzen %30 inguru) ez ziren jabeen etxebizitza nagusitzat jotzen.

Etxebizitza sozialen esparruan, Espainiako Estatua Europako batez bestekoa baino nabarmen beherago kokatzen da: %2,5ekoa da etxebizitza mota horren ehunekoa, Europako batez bestekoa %9,3koa denean.

2021. urterako, 26,6 milioi etxebizitza zeudela zenbatzen zen. Horien artean, ia lau milioi zeuden hutsik; hau da, zazpitik bat baino gehiago
EZ DAGO IRUZKINIK