Abian da Etxauriko (Nafarroa) Haitzetan 80.000 modulu fotovoltaiko eraikitzeko makroproiektua. Mendiko 62 hektarea hartuko lituzke instalazioak, alegia, 100 futbol-zelaik izango luketen azalera, hainbat bizilagunek Noticias de Navarra-n argitaratutako gutunak jasotzen duenez. Azaldu dute Etxauriko Udalak (EH Bildu) eta promotore pribatu batek urteak daramatzatela plana prestatzen, eta, aldi berean, alegazioak aurkezten ari zirela zonaldean martxan diren beste proiektu batzuen kontra.
Etxauriko Udalak aurreko astean aurkeztu zuen plana jendaurrean, asanblada bidez, eta bizilagunek gutunean seinalatu dute "baieztapen faltsuak, zehaztugabeak eta nahita nahasiak" izan zirela bilera horretan. "Esan zen lege batek behartzen dituela udalerriak horrelako instalazioetarako lurrak erreserbatzera, baina hori ez da egia", gezurtatu dute idatzian: "Udalak argi eta garbi posizionatzea saihestu zuen, eskumenik ez duela argudiatuz, baina 2022an, proiektuak ekarriko lituzkeen ingurumen-kalteei buruzko alegazioak aurkeztu zituen, eta horiek indarrean jarraitzen dute".
Planak, "bailarako beharrei" erantzun beharrean, "40 milioi baino gehiagoko inbertsioa ekarriko lukeen negozio pribatu bat estaltzen" duela uste dute; "25 urterako, 250 milioi eurorainoko diru-sarreren aurreikuspenarekin". Baina bizilagunek salatu dute "Sarbil mendia suntsitzearen eta herriari erabakitzeko eskubidea kentzearen kontura" egingo litzatekeela istalazio fotovoltaikoa, nabarmendu baitute "bizilagunen babesik eta gardentasunik gabe" garatu dutela proiektua udalak eta promotore pribatuak.
Idatzian, bestalde, planaren aurka dauden bizilagun guztiei dei egin diete ostiral honetan izango den asanbladara bertaratzera. Etxauriko udaletxean bertan egingo dute bilera, arratsaldeko 18:30ean, "erantzun bateratu bat koordinatzeko eta gure lurraldearen etorkizuna denon artean defendatzeko".