AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Pablo Hasel atxilotu zuten unea, 2021ean.
2023/11/10 10:11

Ostegun honetan atera da argitara Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena, Pablo Haseli Espainiako Estatuan jarritako espetxe-zigorrari buruz. Estrasburgok ontzat eman ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak rap abeslari komunistari ezarritako zigorra eta zentsura: iritzi dio ez direla urratu Haselen oinarrizko eskubideak, tartean adierazpen askatasuna, bere abestien eta txioen eduki politikoagatik zigortu duten arren.

Aho batez hartu du erabakia Europako Auzitegiak, eta behin betikoa da. Haselek argudiatu zuen bere oinarrizko eskubideak, hala nola adieraztekoa, urratu egin zirela bere letrengatik eta txioengatik zigortu zutenean. Estrasburgok esan du, baina, Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiak modu "zentzuzkoan eta proportzionatuan" ebaluatu zituela Haselen kontrako akusazioak eta bere oinarrizko eskubideak; adierazpen askatasuna barne. Rap kantariak aurkeztutako helegitea, beraz, "oinarririk gabea" dela iritzi dio Estrasburgok.

Abeslari komunistaren defentsak 2021eko maiatzean jo zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegira, kartzelaratua izan eta hilabete gutxira. Seinalatu zuen, Haselen auzian, ez zirela errespetatu Europako Kontseiluaren Giza Eskubideen Hitzarmenak jasotzen dituen oinarrizko eskubideak; zehazki, pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna (9. artikulua), adierazpen askatasuna (10. artikulua), helegite eraginkor baterako eskubidea (13. artikulua) eta eskubide murrizketen ezarpena mugatzeko aukera (18. artikulua).

Haselen 64 txio eta hainbat abestitako letrak jarri zituzten jopuntuan Espainiako Estatuan; besteak beste, Poliziaren edota monarkiaren kontra egindako adierazpenak kriminalizatu zituzten. Europako Auzitegiko epaileek, Espainiako Estatukoek bezala, ebatzi dute Haselen hitzek gainditu egiten dutela "protesta-mezua", eta "biolentzia sustatzen" dutela.

Preso 2021eko otsailetik, eta gutxienez 2027ra arte

2021eko otsailean espetxeratu zuten Hasel, mossoek Lleidako Unibertsitatean atxilotu ostean. Bere abestietako letrengatik eta Twitterren egindako askotariko adierazpenengatik, "terrorismoa goratzea" eta "Koroa iraintzea" leporatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta bederatzi hilabeteko zigor hori betearazteko kartzelaratu zuten orduan.

2021eko abenduan, raperoaren kontrako beste zigor bat berretsi zuen Auzitegi Gorenak. Bi urte eta sei hilabetekoa zen zigor hori, "Justiziari oztopoak jartzea" eta "lekuko bati mehatxu egitea" egotzita. Aurretik, 2014an, beste bi urteko zigor bat jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, bere kantetan "terrorismoa goratzeagatik". Dena den, hiru urtez bertan behera geratu zen zigorra. Epe hori igaro aurretik argitaratutako beste abesti batzuk zirela eta, bederatzi hilabeteko zigorra jarri zioten; 2021ean horrexegatik espetxeratu zuten, hain zuzen ere.

Beste hainbat aldiz ere egin dituzte akusazioak bere kontra. 2018an autoriteari eraso egitea eta lokal batera "indarrez sartzea" leporatu zioten; preso sartu ostean, 2021ean, unibertsitatean Haselen alde egindako itxialdian kazetari bati eraso egitea egotzi zioten, eta 2022an, Lleidako protesta batzuei lotuta epaitu zuten, "istiluak eragitea" eta mossoei erasotzea leporatuta.

Ia hiru urte daramatza preso Haselek. Ponenteko Plataforma Antierrepresiboak uztailean jakinarazi zuen bere kontrako zigor osoa jakinarazi zutela jada auzitegiek: "sei urte eta bi hilabete, adierazpen askatasunerako eta aktibismo politikorako bere eskubidea gauzatzeagatik". Hortaz, badirudi 2027ko apirilera arte izango dutela preso.

Urraketak osasun-arretari dagokionez ere

Urte honen hasieran, Haselek salatu zuen gaixotu egin zela Ponenteko espetxeko osasun-baldintza negargarriengatik, eta osasun-arreta egokia ukatu diotela hainbat hilabetez. Kolonoskopia proba bat egin behar ziotenean, esaterako, abeslaria umiliatzen saiatu ziren polizia-agenteak: ez zioten uzten proba intimitatean egiten, eta eskuburdinekin lotuta mantendu nahi zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK