AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/30 16:07

Iluntzean, 19:30ean hasita, protesta bat izan da Donostiako (Gipuzkoa) Armerias Plazan, Palestinaren alde. Palestinarekin Elkartasuna plataformak egin du deialdia, Israelgo Estatu terroristarekin harremanak moztera deitzeko egiten ari den kanpaina zabalaren barruan. Gaurkoan, harreman militarretan jarri du fokua.

Realaren partida 21:00etan zen hastekoa Reale Arenan, eta, hain justu, horren aurretik egin dute elkarretaratzea handik hurbil. Batez ere, Realeko presidente Jokin Aperribayk arma-industriarekin daukan lotura seinalatu dute protestan, SAPA Palencia arma-enpresako zuzendaria baita debarra. Egoitza nagusia Andoainen (Gipuzkoa) duen enpresa horrek, besteren artean, sionisten hegazkinen eta Leopard tankeen ekoizpenean parte hartzen du. Gainera, hartu-eman zuzena dauka AEBetako Armadarekin, hura izan arren Israelgo Estatuak daukan aliatu nagusietakoa.

SAPA Palencia eta Aperribay jomugan jartzeaz gain, Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi du asko direla Euskal Herrian sionistekin negozioak dituzten enpresak. Horren adibide dira ITP Aero edo CAF. Plataformak beharrezkotzat jo du "Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak agerian uztea", eta horretarako mobilizatzen jarraituko du.

Aldarriak Reale Arenan

Gero, gaueko partidan, presente egoten ari da sionistekin harremanak mozteko aldarria. Hiru pankarta erraldoi bota dituzte estadioan, mezu argi bat zabaltzeko: "Israelekin harremanak eten". Norgehiagoka hasi aurretik, gainera, Palestinaren banderak banatzen ibili da jendea zelaiko ate guztietan. Partiduaren 5. minutuan bandera horiek ateratzera animatu dituzte, eta hala egin du ikusle andanak, Palestinarekin elkartasunez.

Otsailaren 7an, Gasteizera

Horri lotuta, otsailaren 7an Gasteizen (Araba) izango da hitzordu garrantzitsu bat. Maccabi Tel Avivek egun horretan jokatuko du Baskoniaren aurka, baina partida bertan behera gera dadila exijitzen ari da jende andana: exijentzia hori egiteko manifestu bat sinatu dute 40 saskibaloi taldek eta klubek, kirol munduko ia 100 pertsona ezagunek eta Arabako 65 kolektibok.

[Albistea eguneratzen ari gara]

EZ DAGO IRUZKINIK