AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Iazko Erresistentzia Jaialdia, Berriozarren.
2023/06/16 09:35

Euskal Herriko Defentsa Komunitateak, Erresistentzia Kutxa hornitzeko asmoz, hamaika ekimen egin ditu lekuan leku azken hilabeteetan. Ia 30 jaialdi izan dira Defentsa Komunitatea osatzen duten Langile Kontrolpeko Espazioetan, eta guztien artean lortu dute Erresistentzia Kutxa elikatzen jarraitzea. Kutxa horren helburua da, hain zuzen ere, Langile Kontrolpeko Espazioak "eskuratzen, mantentzen eta indartzen jarraitu ahal izatea".

Tokian toki Defentsa Komunitatearen eskutik izan diren jaialdi horien guztien zerrenda biribiltzeko, hitzordu potolo bat jarri dute uztailaren 1erako: Erresistentzia Jaialdi nazionala. Legution (Araba) izango da jaialdi handia, eta ekimenean parte hartuko duten musika taldeen berri eman dute jada.

Oraingoan, Boot Boys, Karlos Animal, Zartako, Brigada Flores Magon, Bake Faltsua, Habemus Papam eta Aurrez aurre arituko dira Erresistentzia Jaialdian.

Sarrerak eta autobusak

Sarrerak eskuragai daude jada, 13 euroan. Euskal Herriko hainbat puntutan lor daitezke tiketak; hain justu, Bilboko (Bizkaia) Bidaide tabernan, Donostiako (Gipuzkoa) Urkan, Iruñeko (Nafarroa) Ezpalan, Legutioko Urkiolan, Gernikako (Bizkaia) Ospan, Tolosako (Gipuzkoa) Rakun, Azpeitiko (Gipuzkoa) Haginpen, Beasaingo (Gipuzkoa) Xuberren, Gasteizko (Araba) Lorategin, Amurrioko (Araba) Biderdin eta Arrasateko (Gipuzkoa) Osoriken.

Tiketak online erosteko aukera ere badago, ondoko lotura honetan: https://my.weezevent.com/erresistentzia-jaialdia-1.

Euskal Herriko hainbat eskualdetatik eta herritatik, gainera, uztailaren 1ean Legutiora joateko autobusak antolatu dituzte. Defentsa Komunitatearen parte diren Langile Kontrolpeko Espazioek argitaratuko dute autobus horiei buruzko informazio guztia, euren sare sozialen bidez.

Bultzada Langile Kontrolpeko Espazioei

Defentsa Komunitateak gogorarazten duenez, askotarikoak dira Langile Kontrolpeko Espazioei lotutako borrokek jasaten dituzten erasoak; besteak beste, "identifikazioak, isunak, espazioen itxierak eta desalojoak". Jazarpen ekonomiko horrek guztiak "pisu handia" izaten jarraitzen du beraz, eta "defentsarako baliabide eraginkorrak garatzen eta hedatzen jarraitzea" beharrezkotzat jotzen du Defentsa Komunitateak. Gaur egun martxan dagoen baliabide horietako bat da, hain justu, Erresistentzia Kutxa.

Langile Kontrolpeko Defentsa Komunitateak iazko abenduan jakinarazi zuen martxan zela, eta bide propio bati ekin ziola "espazioaren gaineko langile kontrolaren alde eta desalojoen kontra".

EZ DAGO IRUZKINIK