AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/30 12:20

Joan den astelehenean, Bilbon (Bizkaia) egin zuten manifestazio bat hainbat ertzainek, "hitzarmen duin" bat aldarrikatzeko. Euspel polizia-sindikatuak eta Ertzainas en Lucha taldeak egin zuten mobilizazio deialdia, izan ere, ez dute babesten ertzainen gehiengo sindikalak (ERNE, ESAN eta SIPE) eta Eusko Jaurlaritzak adostutako azken ituna. Manifestatutako poliziek esan zuten "isilpean" hitzartu dela akordioa.

Aurreko astean atera zen argitara 125 Mahaia deituriko foroan adostutakoa. Ertzainen gehiengo sindikalak eta Bingen Zupiria buru duen Segurtasun Sailak hainbat baldintza zehaztu zituzten lan-hitzarmena berritzeko, besteren artean, agente bakoitzaren urteko soldata batez beste 4.200 igotzea. Ertzainas En Luchak "traiziotzat" jo du akordioa, esanez ez duela, adibidez, "soldata-parekotasuna" bermatzen. "Ez daukagu soldata-parekotasunik, bada, haiek ere ez dute bake sozialik izango. Gatazkak jarraitu egiten du", mehatxatu du. Euspelek salatu du "zehaztugabea" dela ituna.

Zupiriak, ordea, polizia-indar autonomikoari egindako kontzesioak defendatu ditu orain arte. Esan zuen akordioak "lan-hitzarmena berritzea" eta Ertzaintza "modernizatzea" ahalbidetuko duela, 45 milioi euroko inbertsio bat hitzeman baitu horretarako. Sailburuak nabarmendu zuen bi aldeentzako "gogobetegarriak" diren baldintza batzuk adostu dituztela, helburu batekin, bere hitzetan: "Baliagarria izatea Euskaldik herrialdi seguru bat izaten jarrai dezan eta euskal herritarrek euren segurtasunaren inguruko pertzepzio on bat izan dezaten".

EZ DAGO IRUZKINIK