Errusiako Federazioaren aurkako 19. zigor sorta onartu du ostegun honetan Europar Batasunak, Ukrainako gerra dela eta. Zigor horien artean, lehen aldiz, gas natural likidotuaren (GNL) kontrako beto bat eta Errusiako mamu-flota deiturikoaren aurkako neurriak daude. Europako liderrek Bruselan egindako goi-bileraren aurretik egin zuten akordioa aho batez, eta EFEk jakinarazi duenez, zehazten du apiriletik aurrera progresiboki debekatuko dituztela Errusiako GNLren inportazioak. Debekuak epe laburreko kontratuei eragingo die lehenengo, eta 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, epe luzeko kontratuei.
Gainera, zerrenda beltzak luzatu ditu EBk: Errusiako 117 itsasontzi gehiago zigortuko ditu, zerrenda 558ra igoz, eta nazioarteko 45 enpresa jarri ditu jopuntuan jada, Moskuri zigorrak saihesten laguntzea leporatuta; besteak beste, Txinako hamabi konpainia, Indiako hiru eta Thailandiako bi. Europar Batasuneko Kontseiluak zehaztu duenez, gainera, paketeak Errusiako diplomatikoen mugimenduak murriztea, kriptomonetekin egindako transakzioak erabat debekatzea eta bost banku errusiar zigortzea ere barne hartzen du.
Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak akordioa txalotu du, "Europarentzat eta Ukrainarentzat oso positiboa" dela esanez. Aldi berean, AEBek Rosneft eta Lukoil petrolio-konpainien aurkako zigor berriak iragarri dituzte, eta Lituaniako presidente Gitanas Nausabordak "aldaketa erradikaltzat" jo du azken esku-hartzea, Errusiako industria zuzenean seinalatzen delako. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan du, bestalde, helburua "Moskuren gaineko presioa handitzea" dela, "berehalako eta baldintzarik gabeko su-etena" lortzeko.
Izoztutako aktibo errusiarrak Ukrainara bideratzeko ahalegina, geldirik
Zigor berriak aho batez onartu dituzten arren, Europako liderrek ez dute lortu izoztutako aktibo errusiarrak Ukrainara bideratzea, hura finantzatzeko. Europako Batzordeak 140.000 milioi euroko mailegua eman nahi zion Kievi, Bruselan egoitza duen Euroclear erakundean geldirik dituzten Errusiako funts subiranoak erabiliz.
Belgikan daude aktibo horietatik gehienak, eta hain zuzen ere, Belgikak blokeatu du saiakera: argudiatu du "berme mutualizatuak" nahi dituela etorkizuneko lege-erreklamazio posibleen aurrean, zalantzazkoa delako Europaren saiakeraren izaera legala. Ursula Von Der Leyen Batzordeko presidenteak, bere aldetik, aitortu du "puntu batzuk argitzeke" daudela eta "estatu kide guztiak asebeteko dituen formula bat lantzen" jarraituko dutela.
El PaĆs-ek aipatu ditu Batzordearen hainbat kalkulu, eta badirudi Euroclearrek 180.000 milioi euro inguru mantentzen dituela aktibo errusiar izoztuetan. Horietatik 140.000 milioi bideratu nahi ditu EBk Ukrainarentzako "konponketa-mailegu" batera, interesik gabe, eta Errusiak gerraren kalteak ordaintzean soilik egin beharko litzateke diruaren errenboltsoa.
Proposamenak azkenean porrot egin izanak blokearen barne-zatiketak erakusten ditu, baita Moskuren gaineko zigor ekonomikoen adostasun zabalaren barruan ere. Europako estatuburuek eta gobernuburuek abenduan ekingo diote berriro eztabaidari, eta gero eta handiagoak dira EBk gerrako ahaleginari eusteko duen gaitasunari buruzko galdera-ikurrak.