AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Revista Centros Comerciales
2025/01/21 09:30

Mondragon Korporazioko Eroski enpresa salatu du FACUA kontsumitzaileen elkarteak. Espainiako Gobernuaren Eskubide Sozial, Kontsumo eta Agenda 2023 Ministerioan jarri du salaketa, online salmentetan Eroskik ezartzen duen "badaezpadako" igoera dela-eta. Izan ere, Internet bidezko erosketetan %10eko gehigarri bat kobratzen du enpresak, erositako produktuen prezioetan aldaketak egon daitezkeela argudiatuta. Amaierako kobrantzan, hala, %10 gehitzen dio erosketa-saskiaren kostu osoari.

Bere burua zuritzeko, Eroskik esan du ez duela igoera arbitrariorik kobratzen: %10eko gehigarri bat aplikatu ahal izateko "baimena" eskatzen duela defendatu du. Nabarmendu du erosleari eskaera entregatzen zaionean egiten zaiola behin betiko kobratzea, eta erosketa-saskiaren azken prezio zehatza ordaintzen dela une horretan. Enpresak gaineratu du praktika hori ohikoa dela sektorean.

Facuak seinalatu du, ordea, abusuzkoa dela neurria, eta Eroskik aldez aurreko igoera "arbitrario" bat ezartzen duela online erosketetan. Gogorarazi duenez, Kontsumitzaileen Defentsarako Legeak zehazten du erosleei modu argian jakinarazi behar zaiela eskuratutako produktuen "guztizko prezioa; zergak eta tasak barne". Hortaz, legea urratzea leporatu dio Eroskiri.

Enpresak 2024ko urrian eman zuen bere etekinen berri: goranzko joerari eutsita, %2,5 igo zuen bere fakturazioa urteko lehenengo seihilekoan. FACUAk 2023an salatu zuen hainbat supermerkatu-katek iruzur egiten zutela eta ez zutela betetzen Espainiako Gobernuak BEZari ezarritako murrizketa, eta horietako bat zen Eroski bera.

EZ DAGO IRUZKINIK