Protesta-eguna izan da gaurkoa ere Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Leioako (Bizkaia) campusean. EHUk ez du inolako neurririk hartu lan-zuzenbidean irakasle aritzen den faxista baten kontra, eta mobilizatzen segitzen dute ikasleek: irakaslea kanpora dezatela exijitu dute berriz, aurreko ostiralean bere eskola etetea eta campusetik alde egitea lortu ostean.
Gaur goizean, 09:30ean, asanblada bat egin dute ikasleek Zuzenbide Fakultatean bertan. Horren ondoren, 11:00ak aldera, berriz egin dute protesta jendetsu bat fakultate berean: "Faxistak kanpora" oihu artean elkarretaratu dira, Leioatik! komunikabideak jakinarazi duenez.
EHU irakasle faxistarekiko erakusten ari den konplizitatea seinalatu dute gazteek, eta aldarrikatu dute "klase bezala" egin behar zaiola aurre faxismoari: "Erakutsi dugu, antolatuta bagaude, faxismoak ez duela tokirik unibertsitatean".
Eta badirudi fruituak ematen ari dela ikasleen borroka eta antolakuntza. Arratsaldean azaldu dutenez, EHUk behin-behineko neurri bat hartzea lortu dute gazteek: astebetez, behintzat, unibertsitate publikoan eskolak ematea debekatu dio mezu faxistak hedatu dituen irakasleari.