AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Geuria
2024/03/14 11:26

Enplegu-erregulazioko espediente bat irekiko du Envases Universales enpresak Ugaoko (Bizkaia) lantokian, ekoizpenari loturiko arrazoiak argudiatuta. Txosten horren bidez, lantegiko atal bat (ekoizpenaren %75) zarratu eta 50 langile kaleratuko dituzte. Denera, 108 behargin dira gaur egun; beraz, erdia kanporatuko dituzte masiboki. Martxoaren 26rako gauzatu ahal izango du neurria enpresak.

Langileen esanetan, "nahita" martxan jarritako "deslokalizazio" saiakera bat ari dira jasaten Ugaon. Izan ere, gezurtatu egin dute Bizkaiko lantokian ekoizpen-arazoak argudia daitezkeenik, eta salatu dute bertako ekoizpena Leonera eta Holandara lekualdatu nahi duela zuzendaritzak. Ziurtzat jotzen dute hilabete honetako kaleratze masiboa aurreneko pausoa dela, eta garbi dagoela helmuga: Ugaoko lantegia itxi nahi du enpresak.

Metalezko ontziak ekoizten ditu Envases Universales multinazionalak. Zazpi lantokiren jabe da, eta horietatik bat dago Euskal Herrian; Ugaon. Espainiako Estatuan, beste bi lantegi ditu: Leonen eta Montmelón. Ugaoko kaleratzeez gain, Montmelón ere hemezortzi behargin (25 dira denera) bidaliko ditu kalera enpresak.

Larunbat honetan, martxoaren 16an, enpresako zuzendaritzak mahaira ateratako neurrien kontra mobilizatuko dira Bizkaiko lantokiko langileak. Arratsaldeko 17:30ean elkartuko dira Ugaoko Udaletxe aurrean.

EZ DAGO IRUZKINIK