AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/08 09:28

Paristik 40 kilometrora daukate gatibu Enric Duran katalana, kriptomonetarekin diru-zuriketa egitea leporatuta. Nanterreko epaile baten aurrean deklaratu zuen irailaren 27an, hiru hilabete eta erdiz preso egon ostean. Ekainean atxilotu eta behin-behinean kartzelaratu zuten Osny-Pontoisen, baina badirudi atxilo mantenduko dutela: prebentziozko espetxealdia gutxienez lau hilabetez luzatzea erabaki du epaileak.

Teorian, euroaren eta kriptodiruaren arteko truke bategatik jo dute Duranen kontra, ohartarazita aldatutako diru hori aurrez modu iruzurtian eskuratutakoa dela. Beste pertsona batek jarri zuen diru hori, ez aktibista katalanak (are gehiago, azaldu du berak ez zekiela zein zen trukatutako diru horren jatorria), baina berdin-berdin espetxeratu dute.

Bere senide batek salatu duenez, Frantziako Estatuan "aprobetxatu" egin dute aurrez Espainiako Justiziak Duran jazarri izana, "kriptomoneta trukea aitzakiatzat hartuta", bera atxilotzeko.

Banketxeen Robin Hood-a

Katalanak hamabi urtez egon behar izan du ihesean, 2008an iragarritako ekintza bat dela-eta. Izan ere, jakinarazi zuen 492.000 euro kendu zizkiela hainbat banketxeri, itzuliko ez zizkien mailegu batzuen bitartez. Eta helburu argi batekin egin zuen: agenda publikoan finantza-dinamika kapitalistari buruzko eztabaida irekitzea, eta lapurtutako dirua helburu sozialeko jarduerei dohaintzan ematea.

39 finantza-entitateri iruzur egitea eta dokumentuak faltsutzea egotzi zioten Durani, eta Bankuen Robin Hood modura egin zen ezaguna. Dena den, 2023an artxibatu zuten bere kontrako auzia Espainiako Estatuan, delituen preskripzioagatik.

"Bankuen Robin Hood bezala daukadan historialik gabe, ez nituzkeen hilabete hauek kartzelan emango. Galdeketaren esperientziarekin, norbaitek pentsa dezake Frantziako Poliziak egian baino interes handiagoa zuela niri errua egozteko arrazoi bat aurkitzean", seinalatu du presoak.

EZ DAGO IRUZKINIK