Gutxi geratzen da Iruñerriko (Nafarroa) San Fermin festa handirako eta, horren atarian, kalejira bat antolatu du bertako Laneko Autodefentsa Sareak. Sanferminetan ere, amai dezagun enpresarien inpunitatearekin aldarriaren pean jarri du hitzordua LASek, uztailaren 5erako. Nabarreriatik abiatuko da kalejira, 18:00etan.
"Politikariek eta patronalak aldarrikatzen duten gozamen eta pozaren aurrean, festek, langile klasearendako, enpresari handi zein txikien aldetik, esplotazio areagotua dakarte", salatu dute LASeko kideek. Hala, sanferminetan ere, "soldatapeko lanaren aurpegirik bortitzena" nabarmena izango dela diote: "Fisikoki eta psikologikoki eragiten duten atsedenik gabeko lanordu amaiezinak, lanpostutik kanpo ezin bizitzea, erritmo biziei aurre egiteko drogen kontsumoa, babes falta abusu eta lan-baldintza prekarioen aitzinean...".
"Urtean zehar langabe edo lanaldi prekarioekin dabilen langile kopuru handiak sanferminetan aurkitzen du dirua denbora laburrean irabazteko aukera", atera du mahaira LASek. Enpresariak horren jakitun direla eta egoera horretaz baliatzen direla seinalatu du, beraz: "Aprobetxatu egiten dira haien etekinak irabazteko eta enpresen arteko lehiakortasuna areagotzeko, ostalaritzako sektorean, garraioan edota bertzelako sektoreetan lan-indarraren balioa debaluatzearen kontura".
LASek aldarrikatu du, hala, "lan-esparruan antolatuz loturak sortzeko apustua" egiten duela. "Ahultzen gaituen isolamenduari" aurre egitera deitu du, baita, "enpresarien inpunitatearen kontra borroka egiteko", "modu independentean eta eraginkorrean" antolatzera ere.
Udako lanak
Euskal Herriko beste laneko Autodefentsa Sare batzuek ere izan dituzte hizpide udako behin-behineko lanak eta horietako baldintza negargarriak. Lea-Artibaiko, Bidasoko, Donostiako, Urola Kostako eta Busturialdeko Laneko Autodefentsa Sareek, hain justu, udan ere lan-baldintzak borrokatzera deitu dute. Aldarri horri lotuta, hainbat ekimen antolatu dituzte asteotarako.