Nafarroako Probintzia Auzitegiak bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eman dio Juan Carlos Cipresi, Castillo de Javier hoteleko jabeari. Iruñeko (Nafarroa) San Nikolas kalean dago ostatua, eta langileen eskubideen aurkako delitu bat egotzi diote, emakume langile migratu bati sei urtez ezarritako erregimena dela-eta.
Langileak 57 urte ditu gaur egun, eta 2008an mugitu zen Bulgariatik Nafarroara. Iruzur egin zioten Castillo de Javier hotelean lan egin zezan: han lanean ari zen ezagun batek eskaini zion leku berdinean "solairuetako laguntzaile eta logeletako garbitzaile" modura jardutea, eta 2008ko abenduan sinatu zuen lan-kontratua emakume migratu berriak. Une horretan ez zekien gazteleraz, eta iruzur egin zion lankideak egin zizkion, ustez, itzulpen lanak.
Emakume langilea 2015era arte izan zen Castillo de Javierren lanean, eta gerora azaldu duenez, lanaldi bikoitza inposatu zioten hotelean. 08:00etatik 15:00etara aritzen zen logelak garbitzen, eta 23:00etatik aurrera, gaueko txanda egiten zuen harreran, harrera-lekua ixten zenean. Egunero jarduten zuen, astelehenetik igandera, eta salatu du ez zuela atseden egun bakar bat ere izan sei urtean. Larunbat gauak soilik izaten zituen libre, hoteleko harrera-lekua irekita egoten zelako.
Horretaz gain, iruzur egin zion lankideak ere esplotatzen zuen emakumea: hotelean lan egin behar ez zuenean, alegia, arratsaldeetan, lankide horren etxera joaten zen. Han, haren haurra zaindu behar izaten zuen; bi urte zituen horretan hasi zenean.
Larunbat gauak etxe horretan igarotzen zituen emakume bulgariarrak, lankideari hilean 100 euro ordainduta. Gainontzeko egunetan hotelean egiten zuen lo, gaueko txanda betetzean. Garbiketarako materiala eta bestelakoak gordetzen ziren gune batean hartu behar izaten zuen atseden: hor egokitu zizkioten ohe eransgarri bat, komun txiki bat eta telazko armairu bat, besteak beste.