AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/06 12:26

Oraintsu ospatu dituzte jaiak Iruñeko (Nafarroa) Txantrea auzoan. Aurreko larunbatean, festetako azken egunean, elkartasunak hartu zituen bertako Txozna Gorriak: Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatuta, Elkartasun Jaialdi bat izan zen. Egun osoko egitarau bat prestatu zuten sindikatuko kideek, eta jende ugari bertaratu zen egun osoan zehar.

Goizeko 11:00etan hasi zen egitaraua: haurrentzako jolasak eta eskulanak izan ziren, bai eta bigarren eskuko arropen eta liburuen azoka bat ere. Informazio-postu bat jarri zuen Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, gainera. Eguerdian, Gaztetxarrak txarangak girotu zuen auzoa, eta bazkari bat izan zen gero, Txozna Gorrietan.

Bazkariaren amaieran hitza hartu zuen sindikatuko kide batek, eta azaldu zuen "oso garrantzitsuak" direla larunbatekoa bezalako egunak; batetik, "urtean zehar eginiko lana ospatzeko eta ikusarazteko" eta, bestetik, "sindikatuak funtzionatzen jarrai dezan dirua biltzeko".

Izan ere, gogorarazi zuen "militantzian eta elkartasunean" oinarritzen direla Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, "eta ekonomikoki ere modu independentean funtzionatzen" dutela: "Ez gara estatuaren edota alderdi politikoren baten menpekoak". Antolatzeko deia eginez amaitu zuen hitzaldia sindikatuko militanteak, eta azpimarra egin zion "etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izan dadin, bestelako gizarte-eredu bat eraikitzeko beharrari".

Bazkariaren ostean, Elkartasun Jaialdian parte hartu zuten Leuna antzerki taldeak, Tillandsiaz antzezlanaren bidez; Zerokotan taldeak, poesia saio baten bidez; eta Edu Zardoya musikariak, kontzertu baten bidez.

Gasteizen, larunbat honetan

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren jaialdiaren ostean, Gasteizera ere hedatuko dute elkartasuna: larunbat honetan, maiatzaren 11n, Arabako hiriburuan egingo du Elkartasun Jaialdi bat bertako sindikatuak. Han ere egun osoko egitarau bat izango da, Iparraldeko Parkean, hain zuzen ere. Saskibaloi eta ping pong txapelketak, bazkari bat, bingo saio bat eta Afrikako dantzen saio bat antolatu dituzte, besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK