Agerraldi batean bildu dira gaur arratsaldean Iruñerriko Kontseilu Sozialistako hainbat kide, Zentro Sozialistaren hustea salatzeko eta azken egunetan gertatutakoaren berri emateko. Azaldu dutenez, apirilaren 16an birjabetu zituzten Arrosadiako Gelbentzu kaleko zinemak izandakoak, eta ordutik jasan behar izan dute poliziaren jazarpena. Polizia-agenteek "desokupazio-enpresen erako sarbide-kontrola" ezarri dutela azpimarratu du Kontseilu Sozialistak, gau eta egun zelatatu baitute gunerako sarbidea.
Jazarpen poliziala eta askatasun politikoen urraketak
Pertsona bat eraikineko bizilagun gisara identifikatu zen polizien aurrean, Kontseilu Sozialistak birjabetzearen berri eman bezain pronto; hala ere, polizien zaintza etengabea izan da Zentro Sozialistan. Modu horretan, polizia-agenteak txandaka ibili dira gunerako sarbidea blokeatzen eta, bide batez, barruan ziren militanteak identifikatu dituzte. Hori ez ezik, poliziak Zentro Sozialistako ateak kolpatu dituela, ingurua etengabe zelatatu duela eta zinemetako leihoetatik sartzen saiatu dela ere salatu du Kontseilu Sozialistak.
Oro har, poliziaren zigorgabetasuna, arbitrariotasun juridikoa eta askatasunen urratzea nabarmenak izan direla seinalatu dute. Zentroaren inguruko kaleak itxi, dozenaka pertsona identifikatu eta "zuhurtasunezko" huste-agindu baten bidez desalojatu dute Iruñerriko Zentro Sozialista.
Agindurik ez
Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kideek salatu dute ez daukatela huste-agindurik "esku artean". Hala, poliziak epaile gisara jardun duela azpimarratu dute, gunearen defentsa juridikorako izan zitzaketen aukera urriak mugatuz.
Elkarretaratzea bihar
Kontzentrazio batera deitu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak biharko, apirilaren 20rako. Arratsaldeko 19:00tan izango da protesta Arrosadiako Gelbentzu kalean, Zentro Sozialista kokatzen zen lekuan, hain zuzen. Desalojoaren aurrean, Zentro Sozialistak aurrera! Basta de acoso policial lelopean deitu du biharko mobilizaziora.
Zentzu horretan, Zentro Sozialistak defendatzeko beharra azpimarratu dute Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kideek, horiek proletariotzaren "eskubide politikoak bermatzeko ezinbestekoak baitira". Zentro Sozialisten "sortze, garapen zein defentsarako mobilizatzearen" beharra azpimarratu dute.