Ikasle Abertzaleakek irailaren hasieran aurkeztutako Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! dinamikaren harira, greba eskaerak egin zituzten ikasleek EAEko 76 ikastetxetan. Horietako 58 hezigunek ukatu zieten grebarako eskubidea ikasleei, IAko kideek larunbatean ohar bidez salatu zutenez.
Ikasle grebara begira aurkeztu ziren hiru aldarrikapenetako bat zen, hain zuzen, "lan politikoa eta militantea egiteko eskubidea bermatzea". Eskubide horren defentsan egin dute protesta gaur, zuzendaritzen "jarrera autoritarioa" irmoki salatuz.
Ikasleek azpimarratu dutenez, mobilizazio egunaren ostean ere jarduera politikoa aurrera eramateko oztopoak izaten jarraitu dute; propaganda jartzeko, aurkezpenak egiteko eta biltzeko, besteak beste. "Osasun neurriak betetzeko ezintasunaren aitzakiapean, lan politikoa egiteko ditugun baliabide guztiak neutralizatu dituzte", argudiatu dute IAko kideek.
Eskubideen urraketaren aurrean, argi diote: "Lan politikoa egiteko bermeak izan arte borrokan jarraituko dugu".