Israelgo Estatuko saskibaloi-talde bat, Elitzur Ramla, Euskal Herrian izango da laster: azaroaren 25ean eta 27an jokatuko du Maloste kiroldegian Gernikako (Bizkaia) Lointek taldearen kontra. Horiek horrela, eta Gernikako taldeko presidentea talde sionistarekin jokatzearen aurka agertu den arren, "herritarroi presioa egitea dagokigula" azaldu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, Elitzur Ramlarekin hitzartutako partiduak bertan behera gera daitezen.
Palestinarekin Elkartasunak, hainbat gernikarren eskutik, joan den ostiralean egin zuen agerraldi bat herrian, Elitzur Ramlari boikot egitera deitzeko. "Oso larria iruditzen zaigu talde israeldarrek normaltasun osoz nazioarteko txapelketetan parte hartzea", salatu dute: "Sionistek palestinarren aurkako genozidioa eta haien izaera koloniala zuritzeko erabiltzen dituzte horrelako kirol-ikuskizunak". Horregatik, beharrezkotzat jo dute "kirola eta politika ez nahastearen diskurtsoari aurre egitea", eta Vuelta Euskal Herritik igarotzean egin bezala, oraingoan ere saskibaloi-talde sionistaren aurka mobilizatzera deitu dute.
"Mobilizazioak, presioak eta borrokak behartu egiten dituzte instituzio eta agintariak zenbait neurri hartzera", seinalatu du plataformak. Dena den, esku-hartze puntual horiek "aurpegi zuriketa besterik ez" direla ohartaraziz, "Israelekin harreman oro eteteko bidean presioa egiten jarraitu" behar dela nabarmendu du, eta Gernikan markatu du hurrengo jomuga: "Azaroaren 25ean eta 27an Gernikan jokatuko diren partidak gelditzeko mobilizatuko gara".