AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/22 09:26

Gaur, irailaren 22a, 24 orduko baraualdia egiten ari da Patxi Ruiz preso politiko iruindarra. Iruñeko (Nafarroa) kartzelan daukate gatibu, eta "medikuaren aginduz nutrizio-gehigarri bat jaso behar dugun presoek" pairatzen duten egoera salatzeko ekin dio barauari. 

Ruizek idatziz azaldu duenez, bera preso daukaten moduluan hogei bat pertsona dira, osasun-arrazoiengatik, nutrizio-gehigarriren bat behar dutenak. Esan du 2023ko urtarriletik daukatela bera modulu horretan, eta azkenaldian presoak "murrizketa-politika" bat jasaten ari direla espetxean; "kanpoan langile-klaseak jasaten duenaren modukoa".

Seinalatu du "murrizketa horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak espetxe honetan ematen duen osasun-laguntzarekin hasi" zirela: "Duela hilabete batzuetatik hona, presoei banatzen zaien janariaren kalitatea eta kantitatea murrizten ari direla ikusten hasi gara, beharbada, espetxe honetako masifikazioak eraginda". "Batek sistema kapitalista honetatik eratorritako errealitate soziala behatzen du, non, beste ondorio batzuen artean, langile-klasearen proletarizazio-prozesu bat gertatzen ari den", esan du.

Bata zuridun kartzeleroak

Kartzelako Elikadura Saileko arduradunaren erantzukizuna seinalatu du presoak. Jakinarazi du duela hilabete batzuk moduluko iragarki-taulan jarri zuela abisu bat Elikadura Sailak, nutrizio-gehigarriak behar dituzten presoek euren elikadura-dietak mantendu nahi bazituzten, eskaerak eta tramiteak egin zitzaten. Ruizen eta beste dozenaka presoren kasuan, baina, trabak jarri dizkie saila gidatzen duen sukaldeburuak. Jarrera hori funtzionarioaren "mendeku merketzat" hartu du Ruizek, eta "bata zuridun kartzelerotzat" jo du.

Preso politikoak dio azken hilabetean, gainera, elikadura-gehigarrien banaketa "orokorrean paralizatu" dutela. "Preso zeuden zenbait kide kexatzen hasi ziren horregatik, eta sukaldeburuak erantzun zien ez zutela banatzeko adina frutarik edo esnekirik, eta 'pozik egon behar genuela' ahal duenean banatzen dituelako", kontatu du: "Banaketa bertan behera geratu zen aste batzuetan, eta, ondoren, berriro hasi zen, erregulartasunez. Hori bai, medikuaren kontsultan agindutako nutrizio-gehigarriaren banaketatik kanpo jarraitzen dut nik".

Kartzelako utzikeria

Ruizek, bestalde, azaldu du gogoan dituela presondegietan "betidanik" jasaten dituzten "tratu txarrak, torturak, heriotzak eta askotariko urraketak". Baina gaineratu du: "Inpresioa dut, betiko helburu bera lortu nahian (birgizarteratzerik ez: pertsona presoa deuseztatzea, meneko bihurtzea nahiz eta horretarako arima apurtu behar zaion...), beste tresna errepresibo batzuk sortu dituztela, eta ikusten dut horien artean UTZIKERIA dela tresna nagusia; espetxe-sistema honen ia erabateko utzikeria".

Elikadura-gehigarriekin eta bestelako baldintzekin eskasia nagusitzen den bitartean, Ruizek nabarmentzen du, kontrara, "inoiz falta ez dena" dela presoei "lasaigarriak deituriko" substantziak banatzea, "modu horretan, kartzelako 'bizitza' hau aurrera eraman dezaten". Azpimarratzen du, gainera, substantzia horiek banatzearen helburu nagusia dela "protesta posible oro deuseztatzea, bai indibiduala bai kolektiboa".

"Preso dagoen militante politikoa"

Iruindarrak laburbildu duenez, Elikadura Sailari loturiko urraketak "espetxeko edo espetxe honetako arbitrariotasunen beste erakusle bat" dira, baina uste du horiek guztiak "agian inoiz ez direla argitara ateratzen; edo ez merezi duten beharrarekin eta intentsitatearekin".

"Preso dagoen militante politikoa naizenez, Mendebaldeko gizarte kapitalista hauetan gertatzen diren problematika sozialei erreparatzen diet, eta irtenbide bakarrean sinesten dut: politikoki prestatzeko beharraz eta hain beharrezkoa den Iraultza Sozialistaren alde borrokatzeko antolatzeaz hitz egiten duena", aldarrikatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK