Hala Bedik jasotakoaren arabera, Espainiako Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak Zuerara (Zaragoza) lekualdatuko du Ekaitz Samaniego euskal preso politikoa, Murtzia I espetxeko Tratamendu Batzordearen proposamenez. Erabakia publiko egin badute ere, lekualdaketa ez da oraindik gauzatu. Momentuz, dispertsio egoeran jarraituko du, beraz.
Urtarrilaren 14an, zazpi urte bete zituen espetxean preso gasteiztarrak. Espainiako Auzitegi
Gorenak Segiko gazte antolakundeko kide izateagatik ezarri zion zortzi urteko espetxe zigorra. 2018ko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru
laurdenak; hala, 2020ko urtarrilean atera beharko luke kalera.
Jose Angel Otxoa de Eribe, hirugarren graduan
Bestalde, agerkari arabarrak atzo jakinarazi zuenez, Jose Angel Otxoa de Eribe Landa preso politiko arabarra hirugarren graduan sartzea ere erabaki du Castello I-eko Espetxe Zuzendaritzak. Otxoa de Eriberi 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 2000ko urtarriletik dago atxilo.
2016ko abenduan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Hala Bediren arabera, Otxoa de Eriberen kasuan, Castello I espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu du gradu aldaketa, eta espetxe-araudiko 104.4 artikulua hartu du oinarri horretarako. Artikuluak dio "duintasun pertsonalagatik, mediku txostenen arabera gaixotasun sendaezinak" dituzten presoek hirugarren gradua izan dezaketela.