Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) protesta-ekintza bat egin du Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), unibertsitateak industria belikoarekin mantentzen dituen harremanak salatzeko. Bilbon, San Mamesen hain zuzen ere, EHUren logo erraldoia margo gorriz bete eta bi pankarta handi bota ditu IASek: "Gerra industriarekin kolaboraziorik ez" zioen batek, eta "Agenda inperialista eta faxista hezkuntzatik kanpo" besteak. Horrekin batera, dei argi bat egin du ikasle-antolakundeak: otsailaren 26an, faxismoaren eta oligarkiaren agenda inperialistaren aurka mobilizatzera deitu ditu ikasleak, mobilizazioak antolatu baititu egun horretarako.
IASek hainbatetan salatu duen modura, arma-industrian parte hartzen duten hainbat enpresarekin ditu harremanak EHUk, eta mantentzen ditu oraindik. Konpainia horien artean daude ITP Aero edo Sener. Jakes Gostin, Saly Jaques eta Eneko Imaz ikasleek honako artikuluan zehaztu zutenez, adibidez, palestinarren kontrako genozidioaren erantzule zuzenak diren zenbait enpresarekin ditu loturak EAEko unibertsitate publikoak, Technion eta Mana Bio kasu.
Nazioartean gorakada belikoa biziagotzen ari den testuinguruan, hilabete honetan inperialismoaren eta faxismoaren aurka mobilizatzeko deia luzatu du IASek, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrilaren 31n egindako manifestazio masiboen ostean. Ikasleek Baionan, Bilbon, Donostian eta Iruñean egingo dituzte mobilizazioak otsailaren 26an, faxismoaren eta inperialismoaren aurkako "olatu berri hau bultzatuz".