AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/21 12:56

Aste honetan jakinarazi dute, Arratzua-Ubarrundian (Araba), dimisioa eman dutela EH Bilduko hiru zinegotziek: Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok y Javier Ruiz de Arkautek. "Trantsizio energetikoari ikuspegi berri" bat emateko nahiak bultzatu omen ditu erabakia hartzera, eguzki-parke bat eraikitzeko makroproiektua blokeatzeko ezintasunak sortutako "frustrazioa" dela-eta. Izan ere, badirudi alderdi politikoak ez diela utzi Vitoria Solar 1 proiektu fotovoltaikoaren aurkako jarrera hartzen.

Eusko Jaurlaritzak eta Solaria enpresak egin nahi dute eguzki-parkea, baina Proiektu Honi Ez! plataformak mozio bat aurkeztu zuen urtarrilean Arratzua-Ubarrundiako Udalean, egitasmoaren kontrako pauso batzuk eman ahal izateko. Mozio horren bidez, udalak konpromisoa hartuko luke Arabako Foru Aldundiarengana jotzeko, hari eskatzeko ez dezala onartu Vitoria Solar 1 proiektuarekin aurrera egiteko plan berezia. Bazirudien Goazen talde independentearen eta EH Bilduren babesa lortu zuela mozioak hasiera batean, baina harrigarria izan zen gero otsailaren 26an gertatutakoa, mozioaren bozketa egunean: EH Bilduko zinegotziak ez ziren osoko bilkurara bertaratu.

Proiektu Honi Ez! plataformak hala laburbildu ditu gertakariak: "Horrek guztiak pentsarazten du EH Bilduko zuzendaritza politikoak bere irizpidea inposatu nahi izan duela zinegotzien ustearen eta konpromisoaren gainean, eta aurretik Batzordean babestu zuten mozioaren alde bozka zezatela eragozten saiatu dela". Gertatutakoak alderdiaren barruan sortutako "desadostasunak" eragin du, plataformaren esanetan, EH Bilduk zituen ordezkari guztiek "blokean" dimititzea. Gaineratu duenez, jazotakoak erakusten du EH Bilduk, "modu isilean edo agerian, EAJk bere egindako usurpazio-politika babesten" duela.

"Eskuak lotuta"

Dimisioa eman duten zinegotziek azaldu dute "eskuak lotuta" dituztela, "udalaz gaindiko instituzioek, errentagarritasun ekonomikoa besterik bilatzen ez duten enpresen eskutik [...], sustatutako proiektuen" aurrean. Esan dute udaletik egin dezaketen "ekarpena urria edo ezdeusa" dela proiektu txikitzaileen aurka, eta kezkaz gogorarazi dute udalerrian energiari lotutako hamabost makroproiektu daudela mahai gainean.

"Zuzendaritza politiko arduragabe baten esku-sartze lotsagabearen ondorioz, hainbat talderen arteko udal-akordio bat, herriko jendeak babestua, arriskuan jarri du" EH Bilduko zuzendaritzak, Proiektu Honi Ez!-ek salatu duen modura. Horri lotuta, alderdiaren "moketa-politika" salatu du plataformak, azpimarratzeaz gain EAJren "marka zuria" bihurtzen ari dela. Eta, bestalde, balioan jarri du "alderdiaren jarraibideen aurrean makurtu" ez diren zinegotzien erabakia.

Haserrea beste udalerri batzuetan ere

Oiongo (Araba) Udalean gertatutakoak ere hautsak harrotu ditu azken asteetan. Izan ere, EH Bildu buru duen udalak joan den otsailean egin zion bide Labrazako parke eolikoari, proiektu horrekin aurrera egiteko azken baimenak emanez Aixender konpainiari. Alderdiak jarrera hori justifikatu du esanez "legeak hala agintzen" duela. Horrek haserrea sortu du herrian, eta proiektuaren aurka antolatzen eta mobilizatzen ari dira: Arabako Errioxa Bizirik plataformak manifestazio bat antolatu du apirilaren 4rako, Oionen bertan.

EZ DAGO IRUZKINIK