"Elkartasuna" eta "ardura hartzea". Horiexek dira urriaren lehenengoan Isabel Rodríguez Espainiako Gobernuko Etxebizitza ministroak estatuko errentatzaileei eta jabeei eginiko "eskaerak". Alokairuan dauden etxebizitza gehienak jabe txikien eskuetan daudela gogorarazi zuen, eta "prezioak jendearen gaitasunetara egoki ditzatela" eskatu zien SER irratitik. Eskaera horren hartzaileetako zenbaiti, baina, zuzenean esan ziezaiekeen hori: izan ere, berak bezala, Diputatuen Kongresuan eserlekuak berotzen dabiltzatenetako askok jasotzen dute gainsoldataren bat alokairu bitartez, ez baitzaie nahikoa diputatu izateagatiko soldatarekin.
Zehazki, Kongresuko diputatuen %17,34 dira errentadunak, Público hedabideak diputatuen ondasun eta errenta aitorpenean oinarrituta argitaratutako datuen arabera. Haatik, aitorpen horiek tentuz hartu beharrekoak dira, Kongresuak berak ez baitu horien edukia ikertzen eta, beraz, inork ez duelako aitortutakoa egiaztatzen. Hori gutxi balitz, ez da inolako zigorrik existitzen aitorpenean gezurrik esan edota informazioa ezkutatzen dutenentzat.
Dena dela, honakoak dira aitortutako zifrak: PP alderdia da errentadun gehien dituena 25 jaberekin, bere diputatu guztien %18,38. PSOEren kasuan 23 dira (%19,33) eta, hain justu, Isabel Rodríguez ministroa da horietako bat. Diputatu soil zeneko azken aitorpenean, etxebizitza batengatik urtean 5.130 euro jasotzen zituela onartu zuen.
Estatu mailako gainerako alderdiei dagokienez, Voxek bost errentadun ditu bere diputatuen artean eta bat Sumarrek. EAJ, Coalición Canaria eta BNG alderdietako ezein diputatuk ez du jabetza bidezko diru-sarrerarik aitortu. EH Bilduren eta Juntsen kasuan, ordea, alderdi bakoitzeko hiru diputatutik bat (%33,3) errentatzailea da, eta UPNren kasuan, duen diputatu bakarra ere errentatzailea da. EH Bildu, Junts eta UPN dira, hortaz, euren diputatuen artean errentatzaile proportziorik altuena duten Kongresuko alderdiak.
Etxebizitza Legea, jabeek jabeentzat egina
Pasa den irailean eman zion Junts alderdiak bere ezezkoa oporraldiko alokairuak mugatzea helburu zuen gobernuaren lege-proposamenari, bere diskurtsoarekin guztiz bat zetorren erabakia, alegia. Are gehiago, dituen zazpi diputatuetatik hiruk alokairu bidezko sarrerak dituztela jakinda (horietako batek ez du, oraingoz, aitorpenik egin).
Alabaina, badira etxebizitzaren inguruan bestelako diskurtsoak dituzten hainbat, baina, egiaz, egoera paretsuan daudenak. Horren adibide da Etxebizitza Legea. Iaz, maiatzean, Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek (PSOE eta egun Sumar osatzen dutenek) onartu zuten legea, EH Bilduren eta ERCren babesarekin. Neurria etxebizitzaren arazoari aurre egiteko tresna gisa saldu bazuten ere, erdi-mailako klasearentzako pizgarri fiskalak eta gehiengoarentzako alokairu-igoerak baino ez zituen finkatzen.
Esan bezala, PSOEko diputatuen bostena da errentaduna. Horien artean dago arestian aipaturiko Etxebizitza ministroa, baina badira alokairu bitartez are diru gehiago jasotzen dutenak ere. Félix Bolaños Justizia ministroak urtean 11.798 euro poltsikoratzen ditu, Pepe Mercadalek 12.823 euro eta María Mercé Pereak 18.415 euro, gutxi batzuk aipatzearren.
Sumar eta ERC alderdiek errentzaile bana dute diputatuen artean, urtean 8.400 eta 1.056 euro jasotzen dituztenak, hurrenez hurren. ERCko Fransesc Álvaro da lehenago aipatutako aitorpenarekiko kontrol gabeziaren adibide bikaina, urtean 1.056 euro aitortzen baititu, hau da, hilean 88 euroko ezinezko alokairu bat. Aitortzen du, ordea, 70.962 euroko pentsio-plan pribatu bat ere baduela.
EH Bilduri dagokionez, bere sei diputatuetatik bi dira errentatzaileak. Batetik, Marije Fullaondo La Cruz legoke. Etxebizitza baten alokairuagatik urtean 7.680 euro jasotzen ditu, eta kontu korrontean 330.060 euro aitortzen ditu. Bestetik, Oskar Matute legoke. Berak ere etxebizitza bat du alokairuan, eta urtean 4.166 euro jasotzen dituela aitortzen du, bai eta 10.367 euroko pentsio-plan bat duela eta akzioetan beste 1.510 euro dituela ere.