AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/15 09:13

"Gaurdanik, edozein momentutan gerta daiteke desalojoa". Hala ohartarazi zuen atzo Burlatako Gazte Asanbladak, jakinarazi zuenean udalak (EH Bildu) ez duela orain arteko elkarrizketetan izandako jarrera aldatu, eta ez duela Gaztetxea berme errealekin iraunaraztearen aldeko irtenbiderik onartu. Asanbladak duela zenbait egun egin zuen "azken saiakera" bat, udalarekin adostasun batera heltzeko eta, Gaztetxearen eraisketa ekarriko duten obren aurrean, beste espazio egoki baterako lekualdaketa ziurtatzeko. Baina ezezkoan tematuta jarraitzen du udalak.

Asanbladak egindako azken saiakeran, Gaztetxearen "biziraupena bermatzeko ezinbesteko baldintza minimoak" markatu zituen, baina udalak ez ditu horiek onartu. Beste eraikin baten lagapena "oso epe motzerako" soilik hitzeman nahi du, "behin epe hori amaituta", asanblada "espaziotik kanporatua izan dadin" baimenduz, "proiektu alternatibo bat egoteko beharrik gabe". Gainera, asanbladak propaganda politikoa egiteko duen eskubidea baldintzatu nahi du, xantaiaren bidez; eta ez dio inolako bermerik eman nahi jaietan txoznagune bat izan dezan, gazteek eskatu zuten bezala, kontuan izanik gaur egungo Gaztetxea galtzean horretarako tokirik gabe ere geldituko direla.

Hala, EH Bilduren udala Gaztetxearen desagerpena eragiten ari da indarrez. Horren aurka, Gazte Asanbladak tinko segitzen du: "Gaztetxeko proiektuaren desagerpena ekiditeko baldintza minimoak egon ezean, ez dugu espazioa utziko. Gure indar eta baliabide guztiak desalojoari aurre egitera bideratuko ditugu". Gazteek dei egin dute, hortaz, Burlatako Gaztetxea defendatzera eta "babesa antolatzera", edozein momentutan etor baitaiteke desalojoa.

EZ DAGO IRUZKINIK