AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EAJ
2025/09/29 11:43

EAJk atzo ospatu zuen Alderdi Eguna Gasteizko (Araba) Forondan, aurrenekoa Aitor Estebanek alderdiaren gidaritza hartu zuenetik. Ohiko ekitaldian, jeltzaleek "Euskadiko zentro" modura erreibindikatu zuten euren burua. "Euskadi martxan mantentzen duen grabitate-zentroa gara", zioen Estebanek: "Zelaiaren erdian gaude, eta horrek asko esan nahi du aurrez aurre dauden muturren garai bipolar honetan". Eta gaineratu zuen: "Bilduk eskuinaldean ["derechona"] gaudela esaten digu, eta PPk dio ezkerra garela. Ondorioa: ezin gara erdirago egon".

Aurtengo Alderdi Egunean ere jende gutxiago bildu du EAJk, eta Naiz-en arabera, inoiz baino entzule gutxiago bertaratu dira; 5.000 bat pertsona.

Autonomia-estatutuari buruzko eztabaida

Estebanek berriz izan zuen hizpide autonomia-estatutuaren auzia. Buru jeltzaleak zioen "autogobernu gehiago nahi" duela "Euskadik", eta "erabateko autogobernuaren" alde egingo duela lan EAJk, "Gernikako Estatutua osatuz edo estatus berri baten bidez". Eta baieztatu zuen, gainera, "benetako jauzia" nahi duela "errekonozimendu nazionalean, arbitrajean eta kanpoko presentzian". Honela hitzeman zuen: "Herriak babesten bagaitu, erabateko autogobernu batera eramango dugu".

Hala ere, azpimarratu zuen "Espainiako egoera politiko ezegonkorrak" nolabait "zaildu" egiten duela "ibilbidea". "Euskadirentzat garai iluna etor daitekeela" adierazi zuen Imanol Pradalesek, eta besteak beste, PPren jarrera seinalatu zuen Estebanek, Isabel Diaz Ayusok euskararen inguruan esandakoei erreferentzia eginez besteak beste. "Euskal etxea" zaintzera deitu zuten jeltzaleek.

EAJ eta EH Bildu eskutik?

Estebanek azaldu zuen, autogobernuaren auzian, eskutik doazela EAJ eta EH Bildu, "alderdi oso ezberdinak garen arren". Horiek horrela, zabalik utzi zuen EH Bilduren eskutik "estatus politiko berri baterantz" salto egiteko aukera: "[EH Bildurekin] Zerbaitetan ados jar gaitezkeen? Agian estatus politiko berrirako jauzian. Ikusiko dugu". 

Dena den, EH Bilduk hauteskunde-zerrenda bateratuak osatzeko egindako azken proposamena gogora ekarriz, berriz baztertu zuen aukera hori: "Zertarako? Zertan gaude ados, bada? Otegik esan berri du gure herriko politikek 180 graduko aldaketa behar dutela".

PSE-EEk dio agortuta dagoela "independentziaren eztabaida"

EAJk PSE-EEri esan zion "ezinbesteko baldintza" dela nazio-aitortza. Bezperan, PSE-EEko buru Eneko Anduezak baieztatu zuen "hilik" dagoela "independentziaren eztabaida": "Batzuen independentziarako nahiak jada ez daude kalean, eztabaida hori hilda dago, eztabaida hori desagertuta dago. [...] Euskadin ere asko ikasi da Kataluniako esperientziatik eta jada horretaz ez da hitz egiten". Gehitu zuen, hala, PSE-EEk ez duela "identitateen estatutu" bat babestuko EAEn.

Migrazioa eta Polizia mintzagai

Azkenaldian eztabaiden erdian jarri dituzten beste hainbat gai ukitu zituen EAJk Alderdi Egunean, hala nola, migrazioa eta polizia-indarrak. Pradalesek iradoki zuen EAEn "ateak zabalik" egongo direla "gurera etorri behar diren guztientzat", baina baldintzak jarri zituen: "arauak betetzea eta zaintzea", bere esanetan. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak "migrazioa kudeatzeko gaitasun politiko berriak" behar dituela defendatu zuen. Poliziari dagokionez, bestalde, babesa eman zien Ertzaintzari eta tokian tokiko udaltzaingoei.

"GKS, Ernai: aitzakia gutxiago eta konpromiso handiagoa Euskadirekin"

EGIko Iraia Pinedok ere hartu zuen hitza Forondan, eta Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) eta Ernairi hitz egin zien besteak beste. Hala zioen: "GKSk, Ernaik eta eskuin muturreko mugimenduek diskurtso hutsez betetzen dituzte plazak. Behar da, egin behar da... [...]. Baina ez duzue ezer egiten. Euskadi ez da oihu hutsen gainean eraikitzen, ez da kale-borrokaren bidez indartzen. Istorio gutxiago eta proposamen gehiago. Aitzakia gutxiago eta konpromiso handiagoa Euskadirekin".

"Guk etxebizitza eskuragarria, enplegu duinak, euskara, berdintasuna, euskal nortasun nazionala eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatzen ditugu", baieztatu zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK