EAEko autonomia-estatutuaren berritze posiblea eztabaidagai dago alderdi politiko nagusien artean, eta elkarren arteko akusazioak aireratzen ari dira. Azken kapituluetako bat da EAJren eta PSE-EEren arteko tirabira, kexak gurutzatzen ari baitira bi taldeetako buruak. PSE-EEko buru Eneko Anduezaren hitzak izan dira azken egunetako tentsioaren abiapuntua: esan du EAJk eta PSE-EEk EAEn daukaten koalizio-gobernua "arriskuan egongo" dela, jeltzaleek "EH Bildurekin akordio identitarioak bilatzen jarraitzen" badute, autonomia-estatutuari eta euskarari lotuta kasu.
Anduezaren adierazpenak direla-eta, hitza hartu dute bai Donostiako (Gipuzkoa) alkate ohi Eneko Goiak, bai Bilboko (Bizkaia) alkate Juan Marti Aburtok, bai EAJko buru Aitor Estebanek. Goiak "ahoberotzat" jo du PSE-EEko idazkari orokorra, eta Aburtok seinalatu du "oposizioko lider bat" dirudiela.
Estebanek nabarmendu du, bestalde, "lekuz kanpo" zeudela eibartarraren hitzak: "Tentsioa, tirabira eta mesfidantza sortzen dituen bakarra [...] Eneko Andueza da". Horiek horrela, "egonkortasun instituzionala" kolokan jartzea leporatu dio, baita "tonu desafiatzailea" izatea ere, iradokiz ematen duela PSE-EE barruan bere "agintaritza berretsi" nahi duela.
Honakoa ez da PSE-EEk eta jeltzaleek gatazka publiko bat daukaten aurreneko aldia. Joan den maiatzean bertan, esaterako, kanpora begirako beste liskar bat izan zuten immigrazioaren auziaren inguruan. Halako konfrontazioen ostean, EAEko koalizio-gobernuko barne-tentsioak estaltzen saiatu da Eusko Jaurlaritza, baina tantaka baldin bada ere, etengabe azaleratzen dira EAJren eta PSE-EEren arteko desadostasunak.
Tentsioak tentsio, PSOEk eta EAJk elkarlanerako beste keinu publiko bat izango dute aurki. Izan ere, ostiral honetan lankidetza-protokolo bat sinatuko dute Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Nafarroako Gobernuko presidente Maria Chivitek, Gasteizen (Araba). Hainbat auzitan elkarlana sakontzea omen da helburua; hala nola euskaran, industrian eta osasungintzan.