AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren jaialdi bat.
2025/11/07 10:09

Donostiako Mugimendu Sozialistaren idatzia:


Donostian, hainbat urtetatik hona, Ezker Abertzalea Mugimendu Sozialistaren aurkako betoa bultzatzen ari da. Hainbat eremutara Mugimendu Sozialistaren aukako neurriak eta jokaerak zabaldu dituzte, eta azken urteetan egoera zaratarik egin gabe kudeatzen eta harremanak normalizatzen ahalegindu garen arren, betoa kentzeko borondaterik ez dago Ezker Abertzalearen eta Jardunen partetik. Egoera hau gainditzeko garaia da, betoak amaitu behar du.

Azken asteotan, Mugimendu Sozialista isolatzeko saiakerak Alde Zaharreko Gau Beltzaren antolaketaraino iritsi dira. Alde Zaharreko beste hainbat eragileren artean gu ere Gau Beltzaren antolaketaren parte izatera gonbidatu gintuzten. Guk, gonbidapena onartu eta auzoko umeentzako jarduera bat antolatzeko ardura hartu genuen, egitarau zabal bati ekarpena egiteko asmoz. Ezker Abertzalea, horren berri izan zuen unetik, buru-belarri saiatu zen gure parte-hartzea ekiditen, Jardun Koordinadoraren laguntzarekin.

Hasteko, auzo elkartearekin harremanetan jarri ziren, esateko ez zutela guk Gau Beltzean parte hartzerik nahi. Jarraitzeko, Ernaiko militante bat auzoko bilera batera joan zen Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren izenean (AZGA) Mugimendu Sozialistaren desitxuratzea sustatzeko eta betoa ezartzeko helburuarekin, guk geure burua defendatzeko aukerarik ez genuenean. Amaitzeko, auzo elkarteak guztion parte-hartzea babesteko beste bilera bat deitu zuenean, eta eragile bakoitzeko ordezkari bana konbokatu bazuten ere, AZGAkoak taldean agertu ziren, tartean Ernaikoak eta Jardunekoak, eta gainontzeko eragile guztiak Mugimendu Sozialistaren aurka jartzen saiatu ziren. Gainera, Mugimendu Sozialistak egitarauan parte hartuz gero haiek aparteko beste egitarau bat egingo zutela esan zuten. Ez zuten Mugimendu Sozialista betatzea lortu, baina, azkenean, ez da egitarau bateraturik egin, AZGA ez zegoelako horretarako prest.

Jokaera antzekoak behin eta berriz errepikatu dira azken urteotan. Mugimendu Sozialistak ezin du parte hartu ez AZGAn, ez AZGAk antolatzen duen ezertan, ezta Guardetxea erabili ere. Gainera, Karmengo Jaietan ere ezin dugu parte hartu. Ezin dugu Alde Zaharreko jaietako egitarauaren parte izan, ezta txandetan lagundu ere. Baina, are larriagoa dena, norbanako modura ere debekatuta daukagu urteroko Gazte Bazkarira joatea.

Egoera hori ez da Alde Zaharrera soilik mugatzen. Azken urtean Donostiako Piratetan parte hartzen ere saiatu gara. Kofradia bat sortzeko proposamena luzatu genion Piraten koordinazioa daraman Ontziolari. Galerna izeneko kofradia aurkeztu genuen, Mugimendu Sozialistako militanteok eta militanteak ez direnak osatzen dutena, baina ezezko erantzuna jaso genuen, nahiz eta Galernari ez zaion sekula Kofradietan bere burua aurkezten utzi, eta barne eztabaidari ere ateak itxi zitzaizkion. Hori lortzeko, Ezker Abertzaleak sustatuta hainbat kide ibili dira kofradietan Mugimendu Sozialistaren desitxuratzea eta kontrako iritziak zabaltzen. Hala ere, hainbat kofradia eta pirata izan dira Galerna begi onez ikusten dutela helalarazi digutenak. Horregatik, Aste Nagusian, kofradien bazkarien egunean, egitarau propio bat antolatu genuen, parte-hartze zabala izan zuena, eta egunak aurrera egin ahala Galerna arazorik gabe nahastu zen kofradia ezberdinekin. Egoera hau orain arte publiko egin ez badugu beste bide batzuetatik konpontzen saiatu garelako izan da, baina beti bezala hauek ere uko egin diote elkarrekin esertzeari eta elkarrizketari.

Kasu guztietan gure parte-hartzearen debekuaren justifikazio gisa duela hiru urte izandako liskarrak erabili dituzte. Horrekin, Mugimendu Sozialista herri mugimenduaren espazioetatik kanpo uzten saiatzea justifikatzen dute. Duela hiru urte, baina, hainbat egunetan etengabe tenkatu zen giroa eta, azkenean, alde guztietatik gainezka egin zuen egoerak, gertaera tamalgarriak utzita. Ordutik, uste dugu denon ardura behar lukeela testuinguru politiko sano bat eraikitzea, non proiektu politiko ezberdinak defenda daitezkeen eta ez zaion inori betorik jarriko.

Izan ere, Mugimendu Sozialistaren aurkako debeku neurriek, betoek eta desitxuratze saiakerek ez dute egoera hobetzen, begi bistan geratzen da horiek bultzatzen dituztenen asmoa ez dela elkarbizitza eraikitzea. Mugimendu Sozialista herri mugimenduaren parte da, eta ekarpena egiten dio perspektiba iraultzalea hedatzeari. Are gehiago, egunerokoan  Donostiako Mugimendu Sozialista hamaika eragilerekin lankidetzan ari da: Antifaxismoan, Palestinaren auzian, etxegabetzeen aurka, arropa bilketetan, Gazte Asanbladetan, Jai Batzordeetan... Mugimendu Sozialistaren jarduna eta azken horrekin lankidetza erabat normalizatuta dago eremu horietan guztietan.

Aipatzekoa iruditzen zaigu, era berean, Jardun honetan guztian betetzen ari den papera. Aipatu berri ditugun dinamika horietako hainbatetan elkarlanean gabiltza Jardun eta Mugimendu Sozialista. Kasu batzuetan ia asteroko hartu-emana eduki dugu azken urtean, baina, hala ere, Alde Zaharrean gure aurkako neurriak, betoak eta debekuak aktiboki bultzatzen dituzte, Gau Beltzaren kasuan bezala, gurekin elkarlana ezinezkoa dela argudiatuta. Jarrera horiek berrikusi beharko lituzkete, Ezker Abertzalearen txotxongilo papera bete beharrean, maila pribatuan hainbatetan helarazi diegun moduan.

Azkenik, deia luzatu nahi diegu Donostiako eragile eta norbanakoei betoarekin bukatzera bidean. Mugimendu politiko baten aurkako gisa honetako neurriak onartezinak dira. Mugimendu Sozialistako Donostiako kideak urteak daramatzagu herri mugimenduko espazioetan militatzen, baita, gutako batzuen kasuan, hastapenetan Ezker Abertzalean ere. Egoera bideratuko bada, ez da izango parekoa erabat baztertuta, honen parte-hartzea normalizatuta baizik. Mota honetako gatazkek, gainera, langile klasea herri mugimendaren eremuetatik urrundu baino ez dute egiten. Militantziarekiko eta jardun politikoarekiko desatxikimendua areagotzen dute, batez ere gazteenak direnen artean, eta hori are arriskutsuagoa da egun bizi ditugun garaietan, faxismoaren goraldi betean. Arduraz eta erantzukizunez jokatu dezagun.

EZ DAGO IRUZKINIK