AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Donostialdeko Langileon Babes Kolektiboa
2021/03/26 14:31

Donostialdeko Langileon Babes Kolektiboa (LBK) aurkeztu dute ostegun honetan Intxaurrondoko Kultur Etxean (Donostia, Gipuzkoa), Elkartu, antolatu, babestu lelo hartuta. "Langileriaren babesa bermatu, antolatu eta indartze politikoa hauspotzeko helburuarekin" sortu dela azaldu dute LBK-ko bideek; izan ere, egungo egoera "kapitalaren metaketa fasearen agortzeak" ezaugarritzen duela diote, eta horren ondorioz, "muturreko esplotaziora" bideratuta dagoela langileria.


Lan-esparrua langileriaren problematika zehatza dela jakitun, "klase batasuna ardazteko orokortasunari" egin dio erreferentzia LBK-k. Zentzu horretan, Kontseilu Sozialista Donostia izango du euskarri, "sistema kapitalistak ezartzen dituen problematikei lan-lerro eraginkorren" bidez erantzuteko. LBK-ko kideek argitu dute irakurketa oro kokatuko dutela Mugimendu Sozialistaren baitan, eratu berri diren Kontseilu Sozialisten bide-orriaren barnean.


Ereduei so


LBK-ko kide batek aurkezpenean azaldu zuenez, Euskal Herriko zein AEBetako hainbat antolakuntza eredu izan dituzte kontuan lanabes berria martxan jartzeko orduan; Iruñerriko (Nafarroa) Langileen Autodefentsa Sarea eta Seattleko elkartasun sarea, zehazki. "Ikusi da horiek langileriak nozitutako egora ezberdinak eraldatzeko eraginkorrak izan direla, partaideak batu eta taldean parte hartzeko gaitasunarekin, antolakuntza, elkartasuna eta klase batasuna indartuz", gaineratu du LBK-k.