AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/16 16:23

Hainbat hedabidek gaur jakinarazi dute etxerik gabeko pertsona batek galdu duela bizia Donostiako (Gipuzkoa) Easo Plazan: gaua bertan egin ostean erori omen da lurrera konorterik gabe, eta bertan hil da. Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, gainera, duela gutxi zendu da kale-egoeran zegoen beste pertsona bat, azaroaren 20an hain zuzen ere.

Aurreko hileko heriotza horren berri bazuten bai udalak bai gizarte-zerbitzuek, baina ez zuten horren berri eman, sindikatuak seinalatu duenez. "Gure hirian hilabete baino gutxiagoan etxerik gabeko bi pertsona hil direla salatzeaz gain, azalpenak exijitu nahi ditugu. Zer gertatu da? Zergatik ez zaie hiritarrei horren gertaera larriaren berri eman? Zer egin du udalak gertaera horrek oihartzuna izan ez dezan?", zioten sindikatuko kideek gaur goizean egindako agerraldian.

Bestalde, ohartarazi dute heriotza horiek ez direla "naturalak", "hilketak baizik". Eta hala sakondu dute: "Guztiei etxebizitza bat bermatzeko baliabide nahikoak dituen sistema batean, heriotza bakoitza saihestu zitekeen heriotza bat da, eta, beraz, erantzuleak dituen heriotza bat; etxebizitzarekin negozioa egiten duten enpresariengandik hasi eta negozio horiei alfonbra gorria jartzen dieten instituzio publikoetaraino".

Azken asteetako bi heriotzak gaitzesteko, manifestazio bat antolatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: abenduaren 21ean izango da, 12:30ean Bulebarretik hasita, eta lelotzat izango du Kapitalisten Donostiaren eta pobreziaren aurka. Etxebizitza denontzat. Mobilizaziora batzera deitu dute gaurko agerraldian, "erantzukizun politikoak eskatzeko, bizi-baldintza duinak aldarrikatzeko eta diskurtso erreakzionarioen aurkako jarrera adierazteko".

Diskurtso erreakzionarioen gorakada jendartean eta erakundeetan

Donostiako azken bi heriotzak "pobretze orokortuarekin eta diskurtso politikoaren gogortzearekin" lotu ditu sindikatuak, ohartarazi baitu krisi garaian diskurtso erreakzionarioak indartzen direla, "oinarrizko beharrak negozio direla ezkutatzeko" besteak beste. Gorrotozko mezu horiek jopuntuan jartzen dituzte hainbat kolektibo, "marko erreakzionario, klasista eta arrazistak" sendotuz. Horrekin "pobrezia estrukturala eta haren arrazoiak ezkutatzea" bilatzen dutela uste du sindikatuak, eta "sektore pobretuenak segurtasunaren ustezko arazoaren errudun bihurtzen" dituztela.

"Etxebizitzaren prezioak direla-eta milaka pertsona Donostiatik kanporatzen dituzten bitartean, 500 pertsona baino gehiago kalean inolako aukerarik gabe bizi diren bitartean, urtero etxerik gabeko pertsonaren baten heriotza deitoratu behar dugun bitartean, erakundeek gizarte-zerbitzuak murrizten eta etxebizitza-politiken ondorioak ezkutatzen jarduten dute", gaineratu du. Horiek horrela, etxebizitza-eskubidea aldarrikatuko du abenduaren 21eko mobilizazioan, "kale-egoeran bizi direnen aurkako kriminalizazioa" eta "ideia klasista eta arrazistak" salatzeaz gain.

EZ DAGO IRUZKINIK