AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / BeƱat Parra/Irutxuloko Hitza
2026/02/10 13:54

Euskal Herriko elkarte gastronomiko batzuetan, oraindik ere debekatu edo mugatu egiten dute emakumeen presentzia eta parte-hartzea. Donostiako (Gipuzkoa) Aizepe elkartean, esaterako, emakumeak sukaldera sartzea galarazten eta zigortzen dute: bazkide batek Irutxuloko Hitza-ri jakinarazi dionez, berriki kanporatu dute Alde Zaharreko elkartetik, 2024aren amaieran emakume batekin batera sukaldean aritzeagatik.

1924an sortu zuten Aizepe, eta bere estatutuen arabera, emakumeek debekatuta dute bertako bazkide izatea. Are gehiago: emakumezkoak eta haurrak baldintza eta egun jakin batzuetan baino ezin dira sartu elkartera.

Irutxuloko Hitza-k gaineratu duenez, danborradan ere gizonei baino ez die parte hartzen uzten Aizepek, eta gaur egun, diskriminazio horri eusten dion elkarte bakarra da Gipuzkoako hiriburuan. Jarrera horren erakusle da joan den San Sebastian Egunean Aizepek izandako gonbidatu berezia: Irungo eta Hondarribiko alarde baztertzaileak gonbidatu zituen ospakizunera. Elkarte horietan ere, emakumeek debekatuta dute parte hartzea, kantinera modura ez bada.

Aizepek hartutako azken neurriei dagokienez, kaleratutako kideak jakinarazi du, 2024ko egun hartan, elkarteko beste kide batek ikusi zuela sukaldean emakume batekin, eta kargu hartu ziola horregatik. Handik egun batzuetara jarri zen zuzendaritza harremanetan berekin, eta horren ondotik egindako bileran, jakinarazi zioten urtebeterako kanporatuko zutela elkartetik. 2025eko udaren bukaeran, ordea, esan zioten behin betiko botako zutela, eta kaleratuak oraintxe eman dio gertatutakoaren berri Irutxuloko Hitza-ri.

Aizepeko zuzendaritzak hedabide horri adierazi dio beste arrazoi batzuengatik kanporatu duela kidea. "Arauak eta bizikidetza haustea, hainbat bazkideri errespetu falta, difamazioa, jokabide ez zintzoa eta desegokia" eta abar leporatu dizkiote, hain zuzen ere.

EZ DAGO IRUZKINIK