Hamar urtez karguan egon ondoren, Donostiako (Gipuzkoa) alkatetza lagako du Eneko Goia jeltzaleak, eta ez da 2027ko udal-hauteskundeetara hautagai gisa aurkeztuko. Goiak 2015ean hartu zuen alkatetza, eta 2019ko eta 2023ko bozetan ere irabazi zuen. elDiario.es-ek jaso duenez, "alderdiak ulertzen du ziklo bat amaitu dela eta lidergoak berritzeko unea dela, azken hauteskunde-prozesuek siglarekiko higadura erakutsi duten lurralde batean".
Goiak 11:00etan eskaini du prentsaurreko bat, azalpenak emateko. Esan du hasieratik aurreikusten zuela hamar urtez egotea agintean, eta "une egokia" dela orain bere alkatetza bukatutzat emateko. Zikloek "hasiera eta amaiera bat dutela argi izatea garrantzitsua" dela dio: "Arriskutsua da inertzietan erortzea, eta garrantzitsuena hiri-proiektuak dira".
Jeltzaleak ez du zehaztu nork hartuko duen bere lekukoa, baina hainbat iturriren arabera, Jon Insausti zinegotzia izango da ondorengoa. Irutxuloko Hitza-k azaldu duenez, Goiak esan du "lasai" dagoela "alderdian harrobia" ikusten duelako, eta bideratuta utzi dituelako Donostiako Metroa, AHTaren geltokia eta Loiolako kuartela. Hilaren 16an amaituko da bere agintaldia, eta teorian, orduan hartuko du kargua bere ordezkoak.