Desokupazio-talde bat izan da gaurkoan Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko auzoan, etxegabetze bat gauzatzeko asmoz, baina alde egin behar izan dute desokupen kontrako mobilizazioaren ondorioz. Hainbat kolektibok, tartean AZET Etxebizitza Sindikatuak eta Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, arratsaldeko lehen orduan eman dute abisua: Mena kalean zenbait matoi zeudela azaldu dute, eta hainbat pertsona bertaratu dira talde parapolizialari aurre egiteko asmoz.
Itxura denez, Horus enpresakoak dira San Frantziskora hurbildu diren desokupak, eta etxejabe batek kontratatu ditu desalojo bat gauza dezaten. Ertzaintzak polizia-dispositibo handia ezarri du desokupazio-taldea babesteko: kordoia jarri du eta protesta egitera joan diren hainbat pertsona identifikatu ditu.
Azkenean, 16:00ak jota, auzotik alde egin behar izan dute Horuseko matoiek. Ertzaintzak eman die eskolta, eta desokupazio-enpresaren kontra mobilizatutako jendearen txistu eta oihu artean egin dute ihes.
Talde faxistak Bilbon esku hartu izana salatu du Bilboko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta "etxegabetze saiakera guztiei irmotasunez aurre egiteko" konpromisoa erakutsi du. Salatu du gaurkoan ere "desokupak babesteko eta haien jarduna inpunitatez baimentzeko" ekin duela Ertzaintzak, eta beraz, Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna nabarmendu du. "Etxegabetze ororen aurka eta desokupazio-enpresa faxisten aurka antolatzera eta irmoki erantzutera" deitu dute sindikatuko kideek.
Alde egin behar izan dute desokupazio-taldekoek, Ertzaintzaren babesean, eta desokupei aurre egiteko mobilizatu den jendearen txistu artean. pic.twitter.com/5087OI9kNx
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) November 3, 2025