Gaurkoan Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotelak jakinarazi duenez, martxan da berriz langile kontrolpeko espazioaren aurkako auzibidea, konfinamendu garaian eten bat izan ostean. Espazioaren aurkako sententzia exekutatu dezakete hilabeteko epean, eta desalojo arriskuan geratu daiteke.
Desjabetuon Hoteleko militanteek espazioa
defendatzeko prestutasuna adierazi dute, 15 urte luzez hutsik egon den guneak "antolakuntzarako eta elkartasun proletariorako espazio gisa" jarduten
baitu orain. Gainera, gaur argitaratu duten adierazpenean jaso dutenez, "jabeen
nahia" da haiek "bertatik bota" eta eraikina berriz "hutsik uztea".
BEDERATZI HILABETEKO IBILBIDEA
2019ko abenduan berreskuratu zuten Legution urte askoz hutsik egon zen eraikina,
eta handik Desjabetuon Hotela erdietsi zutenetik (ikusgai dago GEDAR LANGILE KAZETAk eginiko bideoa), ekimen eta dinamika ugari ahalbidetu ditu. Haien artean, aipagarriena, COVID-19aren
ondoriozko itxialdian Legutioko gazte antolatuek martxan jarri zuten elikagaien eta oinarrizko produktuen
bankua, egun, 38 pertsonari babesa ematen diena. Hilabetearen hasieran eman zuen GEDAR LANGILE KAZETAk proiektu horren berri (ikus hemen), kideen hitzetan, "klase elkartasunean oinarrituz" produktuz betetzea lortzen dutena.
Dena den, banku hori ez da Desjabetuon Hotelean aurrera eramaten den jarduera bakarra, inola ere; horrez gain, "gazteriaren formakuntza kultural eta politikorako espazioa" da. Besteak beste, Legutioko Gaztetexeak erabili du bere ekinbidea aurrera eramateko; herriko zein Arabako formakuntza mintegietarako azpiegitura gisa erabili da; espazioa eraberritzeko auzolanak egin dira, eta erabilera jarraikorra izan duen gimnasio bat prestatu da; zenbait jarduera kultural antolatu ditu, tartean, aurtengo San Blas jaiak, ipuin kontalariak, hitzaldiak, bazkariak, kontzertuak eta ekimen andanaren aterpe izan delarik; eta gainera, Arabako militantzia sozialistaren behar logistikoak asetzeko balio izan du (ikus argazki galeria behean).
INDAR ANTOLATUA
Orain, arrisku egoeran egongo da gunea, baina bertako militantziak adierazi du "langileon kontrolpeko espazioak defendatzeko beharra" egon badagoela eta, egoera honen aurrean, "espazioa antolakuntza proletarioaren beharren eskura jartzen jarraituko" dutela, "interes indibidualen aurrean, desjabetuon elkartasun kolektiboa aplikatuz eta diruz erositako eskubideei langileon indar antolatua kontrajarriz".