AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/13 09:16

Badirudi oliba-olioaren garestitzea ez dagoela soilik uztaren beherakadarekin eta kostuen gorakadarekin lotuta. Ikerketa bat egin berri du Espainiako Estatuan Facua kontsumitzaileen erakundeak, eta ondorio argiak atera ditu: denda batetik bestera, aldatu egiten dira produktu berdinaren prezioak.

Zehazki, zortzi supermerkatu-katetako prezioak aztertu ditu Facuak: Alcampo, Aldi, Carrefour, Dia, Eroski, Hipercor, Lidl eta Mercadona kateetakoak. Horietan guztietan, 50 olio marka alderatu ditu, eta aldaera altuak ikusi ditu denda batetik bestera, marka berdinak izan arren: aldeak %45eraino iristen dira hainbat kasutan. Beraz, marka berdineko olio botila berdinak %45 gehiago balio du zenbait dendatan; alegia, 4 euro gehiago, gutxi gorabehera.

Aldaerarik handiena Carbonell markako birjina estran (picual olibarekin egindakoa) ikusi dute, plastikozko botiletan saltzen den olioari dagokionez: litro bateko botilak 8,86 balio du Alcampon, eta 12,85 Carrefourren.

Birjina estra litroak, plastikozko botilan, 9,67 euro balio du batez beste. Latan saltzen denari erreparatuta, batez beste, 9,70 ordaindu behar da litro bakoitzeko. Abuztuaren amaieran jo zuten alerta, olio litroak batez beste 9,42 balio zuela atera zenean argitara. Hurrengo urtean, litroa 12 eta 15 euro artean ordaindu beharko dela ohartarazi dute.

Prezioen igoera iker dezala eskatu dio Facuak Espainiako Gobernuari. Izan ere, teorian, urtarrilean debekatu zuten "kostuen gorakadaren ondoriozkoa ez den prezio-igoera oro".

EZ DAGO IRUZKINIK