AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/24 21:59

Desalojo arriskuan dago Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotela Zentro Sozialista. Berriki jaso duten jakinarazpenaren arabera, finkatuta dago jada espazioa husteko eguna: ekainaren 28a, datorren asteartea. "Antolakuntza politikorako guneak hedatzea eta horien defentsa egitea dagokigu", adierazi dute Desjabetuon Hoteleko kideek sare sozialen bidez: "Eraikina defendatzeko deia luzatzen dugu".

Gunea babesteko asmoz, hiru eguneko egitarau bat antolatu dute. Igandetik hasita, beraz, hainbat ekimen izango dira Legution. Igandean 20:00etan bertaratzera deitu dute, eta ekitaldi bat egingo dute 20:30ean. 21:00etan afaria izango da, eta horren ostean, kontzertu bat eskainiko dute Iratik eta Eiderrek.

Hurrengo egunean, astelehenean, goizetik hasiko dira ekimenak. 09:00etan gosalduko dute bertan daudenek, eta 11:00etan hitzaldi bat izango da —oraindik ez dute zehaztapenik eman—. 14:00etan bazkalduko dute, eta 19:00etan hasita, bi musika emanaldi egongo dira. Bake Faltsua eta Ondarru Crew taldeak arituko dira, hain zuzen. Gero, 21:30ean, afaltzeko aukera izango da. Asteartean, desalojoaren egunean, 09:00etan eskainiko dute gosaria.

Bi urte eta erdiko ibilbidea

2019ko abenduan birjabetu zuten gaur egun Desjabetuon Hotela dena. Hamabost urte zeramatzan hutsik, eta Zentro Sozialista modura egokitu zuten. Ordutik, "proletariotzaren babeserako hainbat tresna" jarri dituzte martxan Desjabetuon Hotelean; esaterako, "jatekoa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonei bideraturiko Elikagaien Bankua" eta Ikasle Gela, gazteek bertan ikasi ahal izateko prestatutako gunea.

Horretaz gain, baina, Desjabetuon Hotela "oinarrizko espazio politiko bat" izan da "Mugimendu Sozialistaren garapenerako": "Klase kontzientzia garatu eta proiektu komunistaren alde ekitea eta antolatzea ahalbidetu duen ezinbesteko espazioa izan da".

EZ DAGO IRUZKINIK