AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LAB
2020/02/20 09:57

Lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraitzen dute Arabako Celsako beharginek, kaleratze mehatxuen aurka eta "enpleguaren defentsan". Hilabete hasieran ekin zieten lanuzteei Gasteizko (Araba) eta Urbinako (Araba) lantokietan, eta gaur urrats berria emango dute Arabako hiriburuan: protesta egingo dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean 11:20ean, eta gero, manifestazioa egingo dute Bilbo plazatik hasita.

Beharginek gogorarazi dutenez, enpresak abenduan jakinarazi zuen hamaika langile kaleratzeko eta beste hamaika lekualdatzeko asmoa duela. Dena den, enpresako zuzendaritzak "amaitutzat" eman zuen negoziazioa, eta ez du bestelako neurririk adosteko prestutasunik erakutsi gaur-gaurkoz.

117 langile dira egun Celsarenak diren Arabako bi lantegietan, eta hau ez da kaleratze mehatxuari aurre egin behar izan dioten aurreneko aldia. 2012. urtean, Enplegu-Erregulazio Espediente bat aurkeztu zuen zuzendaritzak, eta beharginek borroka gogor egin ostean bota behar izan zuen atzera.

Langile batzordeak azaldu duenez, oraingoan ere "itxiera programatu baten aurrean" egon daitezkeen arren, enpresak ez du derrigorrez erregulazio txosten bat aurkeztu beharko, oraingoz, langileen %10 baino gutxiago kaleratzea baita asmoa. Hala, aurreikuspena da beharginak banan-banan bidaltzea kalera.