AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/21 16:43

Eusko Jaurlaritzaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez ehunka milioi euro banatuko dizkiete hainbat enpresari, eta deigarriak dira bost onuradun handienak: Mercedes-Benz (267 milioi baino gehiago), Irizar (167 milioi baino gehiago), Bay of Biscay Hydrogen (160 milioi), Voestalpine Railway Systems (94 milioi baino gehiago), eta CAF, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (70 milioi baino gehiago). Horietatik hiruk, gutxienez (Mercedes-Benz, Irizar eta CAF), negozio erraldoiak dituzte Israelgo Estatuarekin, Ahoztar Zelaieta kazetariak seinalatu duenez. Hiruren artean, 450 milioi baino gehiago jasoko dituzte Jaurlaritzaren dirutik.

Sobera jakina den modura, Palestinako lurretan sionisten okupazio-koloniak lotu eta sendotuko dituen Tren Arina ekoizten ari da Goierriko CAF. Zelaietak ohartarazi du Jerusalem ingururako hitzartutako 114 tranbietatik 90 entregatu dizkiola jada estatu sionistari, eta 2026an hasi nahi duela Tel Aviverako 98 ibilgailuak egiten. Konpainiak berriki defendatu ditu sionistekin dituen negozioak.

"2023an, Irizarrek harrokeriaz zioen i6S Efficient modeloko lehen 40 unitateak saldu zituela Israelen. Bere hitzetan, '2019a izan zen urterik onenetakoa' Israelen, %50eko merkatu-kuotarekin", seinalatu du kazetariak Irizarri buruz, bestalde. Enpresa hori ere Goierrikoa da, eta 2019an aurkeztu zuen bere burua Israelera autobus gehien bideratzen zituen konpainia gisa. 1979etik, gutxienez 1.800 ibilgailu saldu dizkie sionistei, Zelaietaren arabera.

Mercedesi dagokionez, gogorarazi du Daimler Buses enpresak (besteak beste Mercedesek saltzen ditu hark ekoitzitakoak) 2020an sinatu zuela kontratu bat Israelgo Estatuarekin, Kantabrian egindako 415 ibilgailu hara bideratzeko. Gainera, Mercedesek berak 2017an ireki zuen "ikerketa eta garapen zentro" bat Tel Aviven.

Sener eta SAPA ere onuradun

Zelaietak nabarmendu duenez, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari esker dirutza jasoko duten 100 enpresa nagusien zerrendan, estatu sionistarekin loturak dituzten eta armagintzan jarduten duten euskal enpresa gehiago ere badira; esaterako Sener (38 milioi) eta SAPA Placencia (ia 18 milioi). SAPAk oraintsu lortu du akordio milioidun bat AEBetako armadarekin, milaka ibilgailu blindatu hornitzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK